“Larrahe teonimoaren r bikoitz eta h aspiratu soinuak ez dira latinak, akitanierazkoak edo baskonikoak dira, hau da, euskararen sorrerarekin lotutakoak”
Garrantzi handiko aurkikuntza arkeologikoa egin duzuela diozue. Zer da aurkitu duzuena?
Kristo ondorengo I. mendeko harriz egindako aldare bat, idatzita dagoena. Guretzat duela 2.000 urteko mezu bat da, kapsula bat bezalakoa, lur azpian azaldu zaiguna. Sorpresa handia izan da.
Non aurkitu duzue?
Larunben. Herri txikia da, 67 biztanlekoa. Irurtzun ondoan dago, Iruñetik 20 kilometrora, iparrerantz, Iza Zendea izeneko udalerrian. Han betidanik izan dute halako menditxo bat, Arriaundi izenekoa. San Gregorio ere deitzen zioten. 942 metroko altuera du. Hegoaldetik, Iruñea aldera, badu amildegi eder bat. Harria kalkarenita da. Berrogei metroko amildegia da. Hortik babestuta dago. Baina Iparraldean belaze bat du, mantsoki jaisten dena, eta gero pagadi bat. Mendi punta nahiko zelaia da. Bertan aurkitu dugu aldarea.
Indusketako zuzendaria zara. Zertan ari zineten, zeren bila zenbiltzaten? Izan ere, zu Erdi Aroan espezializaturik zaude.
Batzuetan arkeologoak gara zerbait ikertu nahi dugunak: gazteluak, edo paleolito garaiko bizitokiak, edo beste edozer. Baina beste batzuetan bertakoek deitzen gaituzte iker dezagun: "Gure mendi punta honetan pareta batzuk daude, eta gure amatxik eta aitatxik erraten zuten San Gregoria ermita zela". Eraman nahi gintuzten, baina ez zuten dirurik. Arriaundira egin genuen lehen bisitan, lehen begiradarekin, konturatu ginen toki berezia zela, kokapenagatik. Ikusten ez den mendia da, baina mendi horretatik dena ikusten da. Handik Iruñea zaharra ikusten da. Handik Arakil eta Sakana osoa ikusten da, Aizkorriraino. Larrun mendiak, Aralar, Pirinioak... denak ikusten dira. Erraza da iristeko, baina ezkutuan dago. Arkeologoek, onddo biltzaileek bezala, usaimen berezia daukagu horrelakoetarako. Toki ederra zen, herritarrak gogotsu zebiltzan eta 2010ean han lanean hastea erabaki genuen.
Hasieran, baseliza baten bila zenbiltzaten, ezta?
XVI. edo XVII. mendeko ermitatxo baten bila joan ginen, San Gregorio izenekoa. Askotan gertatzen da hori: San Donato ermita eta Beriain mendia, adibidez. Arriaundi mendiari San Gregorio ere esaten diote. Eta San Gregorio saindua nahiko berria da Nafarroan. XVII. mendean zabaldu zen. Hasi ginen lurra mugitzen, eta 2011n aurkitu genituen pareten itxura, harri lanketa mota, apside erdi-zirkularra ikusita, argi izan genuen hura Erdi Aroko eliza bat zela, ez XVII. mendeko ermita. Geure buruari esan genion: hemen zerbait zaharragoa dago. 2012an, beste apside erdi zirkular handiago bat azaldu zitzaigun eta hura jada izugarrizko sorpresa izan zen. Argi zegoen hori ez zela ermita baizik eta eraikuntza handiago bat. Hala atera zen XI. mendeko monasterio baten burua, goiko partea, hiru apsiderekin, erabat simetrikoa, Erromaniko garaikoak. Arriaundin begiak altxatuta, parean San Migel Zaharra ikusten genuen. San Migel Eliza Zaharraren burua hiru apsidekoa zen, Arriaundikoaren bikia. Hori jada gauza garrantzitsua zen: Nafarroako Erresuma sortu gabe zegoen oraindik, Iruñeko Erresuman geunden. Hori izan da orain arteko gure aurkikuntzarik handiena eta harrigarriena Erromanikoko arkitekturaren ikuspegitik, galduta zegoen monasterio bat baita, eta batzuetan paretek metro bateko altuerarekin eta ongi kontserbatua aurkitu baititugu, zimendatze guztiarekin.
Eta halako batean putzu bat aurkitu zenuten.
2022ko abuztuaren 27an sorpresa hartu genuen, bai. Monasterioak erantsita zuen etxeorde batean ari ginen lanean, oinarri errektangularra zuena. Zorua garbitzen ari ginen. Mendi puntan, haizearekin, euriteekin, bertako nekazariek kendutako harriekin... Dena erorita zegoen, hondakinez beterik. Hori garbitzen ari ginen. Azaldu zitzaigun zorua lurrezkoa zen. Ez dira izaten denak harlauzak pelikuletan bezala. Zeramika zatitxo batzuk azaldu ziren, txanponen bat, burdinezko iltzeak. Eta eremu jakin batean zorua altxatzen ari ginela, larunbat hartan ur putzu baten goialdea azaldu zitzaigun, erabat biribila, harriak arras ongi jarrita, metro bateko diametroarekin. Ur putzuak arkeologoentzat beti interesgarriak dira. Jakinmina eragiten digute. Ura gordetzeko erabiliko zuten, iturria handik ordu erdira baitago. Eta hala hasi ginen putzutik lurra ateratzen.
Lurra ateratzen hasita, aldarearekin egin zenuten topo. Noiz? Nola? Nork? Nolako unea izan zen hura?
Oso egun aproposean azaldu zen. Urtean behin herritar guztiok auzolan jardunaldi berezi bat izaten dugu eta horretara ikerlari bat gonbidatzen dugu: Txarli Martinez Alava, Erromanikoko arkitekturaz hitz egiteko; Javier Velaza, erromatar garaiaz aritzeko; edo Aitor Pescador Nafarroako Konkista aztertzeko. Larunbat hartan Joseba Asiron gonbidatua genuen, historialari moduan. Berrogeita hamar lagun geunden han goian. Halakoetan sasiak kentzen ditugu, panelak jartzen, dena txukuntzen, gero ikerlariaren hitzaldia entzuteko, paella jaten dugun bitartean. Aldi hartan sukaldariak, Marimarrek, erran zidan oraindik ordu laurden bat falta zela paella amaitzeko. Hori horrela, putzua husten segitu genuen. Pello Esain putzuan sartu zen, pala txikiarekin lurra ateratzeko. Patxi Goroskieta alboan eseri zen. Eta ni karpetan idazten hasi nintzen. Halako batean, Patxik erran zidan: "Hor harri bat azaltzen ari da, eta landuta dago, forma berezia du". Pello Esainek gauza bera: "Bai, bai, Juantxo, hau ezberdina da". Begiratu eta zutik jarri nintzen, hunkituta, sekulako sorpresa hartuta: Historia ikasketetako lehen ikasturtean erakusten zizkiguten erromatar garaiko harrizko aldare tipiko bat. Ezin nuen sinetsi. Oihuka hasi nintzen. Jende guztia deitu genuen. Jendeak ez zuen ulertzen zergatik nengoen hain urduri. Asiron ere hurbildu zen, zer gertatzen zen galdezka. Erromatar garaiko aldarea genuela esan nien, Pellori aldarea eskuarekin garbitzeko esan genion, ea zerbait idatzita ote zuen ikusteko. Buelta eman zion eta idatzita zegoela esan zigun.
“Irulegiko eskua baino 150 urte zaharragoa den aldare honek orain arte esandakoak berresten ditu”
A ze unea.
Arkeologiarekin loturik, nire bizitza osoko unerik zirraragarriena izan zen. Emozio handienekoa. Irulegiko eskua bizi izan dut, Amaiurko ezpata ere bai.
Amaiurko indusketetako zuzendaria izan baitzara.
Hori da, baina momentu hartan gu Irulegiko eskua ikertzen ari ginen, sekretupean eta lasaitasunez. Hori buruan genuen. Iraganeko idatzizko zerbait lur azpian aurkitzea beti oso gauza berezia da. Eta momentu hartan, hura azaltzea, Irulegiko eskua buruan genuenean, eta une garrantzitsu batean geundela kontzienteki genekienean, oso berezia izan zen. Irulegiko eskua laborategian azaldu zen, Nafarroako Gobernuaren Zaharberrikuntza laborategian. Emozio hori astetan garatutako sentsazio bat izan zen. Eta Larunbekoa, aldiz, instante batekoa.
Mota honetako aldareak Kristo ondorengo I. mendean ohikoak ziren, ezta?
Erromatar munduan, Mediterraneo osoan, inperio osoan zabaldu zen moda bat izan zen: harriz egindako aldaretxoak, edo panteoiak, eta horietan latinez idazten zuten. Milaka eta milaka daude. Enperadoreen omenez egindakoak, edo erromatar galtzada bat pasatzen delako Pirinioetan zehar eta seinale moduan jartzeko, edo norbait hil delako...
Zein tamainatakoa da Larunbeko aldarea?
Metro erdiko altuera du, eta 27 kilo. Aldeek 14 zentimetro dauzkate. Harrizko aldare txiki bat da.
Beraz, berezi egiten duena idazkuna da. Zer du zizelkaturik?
Halakoetan idatzia beti latinez egoten da, alfabeto latinoan. Hor erromatar garaiko formula batzuk daude. Emakume batek eskaintzen dio harrizko aldare hori jainko bati. Eta azaltzen dira emakume horren izena eta abizena, cognomen, Valeria Vitella. Emakume batek agintzen du hori egiteko. Jainkoari emakume batek egiten dio eskaintza. Hori oso ohikoa zen: gaixorik nagoenez, sendatzen banaiz harrizko aldarea egingo dizut; edo aurten uzta ona izaten badugu eskaintza hori egingo dizut; edo gerrara joan den nire senarra onik itzultzen bada. Beti da jainkoekin tratu bat eta emakumeak dauka harreman zuzena jainkoekin. Beraz, betiko formula da: Val(eria). V[i]tel la. m(erito). La ra he. vo(tum) l(ibens) s(olvit)". Formula hori inperio osoan zabalduta dago.
Gauzak horrela, hitz gakoa, aldareari balioa ematen diona, Larrahe da. Jainko baskoniko baten izena dela diozue. Zergatik?
Guk arkeologook ez dakigu askorik epigrafiez, baina baditugu gure ondoan ibilbide luzeko ikerlariak: batetik, Javier Velaza, Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna, Castejongoa; bestetik, Joaquin Gorrotxategi, EHUko filologia indoeuroparrean katedraduna, eta euskararen sorreraren inguruan erreferentea mundu akademiko osoan. Aurkikuntza egin genuen egun horretan berean hitz egin genuen haiekin. Beraiek halako ehunka ikusi dituzte 40 urtean. Berehala irakurri zuten eta berehala esan zuten Larrahe zuzenean sartzen dela baskoien munduan, baskonikoa den hizkuntzan eta euskararen sorreran.
Ezin da izan greziera, latinera edo iberera?
Ez, ez dutelako halako jainkorik, ez dutelako r bikoitzik eta ez dutelako h aspiraturik. Eta hemen autoritas kontzeptua ere badago: Velaza eta Gorrotxategi badira nor. Guk aspaldi Gasteizko unibertsitatean ikasi genuenean, jada irakurtzen genituen Gorrotxategiren eta Koldo Mitxelenaren artikuluak, baita haien aurrekoenak ere. Non daude euskararekin lotutako lehenengo hitzak? Mundu osoko bibliografian beti aipatzen da: erromatarren garaian, erromatarrak etorri zirenean hasi ziren idazten gauzak, batez ere jainkoen omenez eta harrizko aldareetan.
“Aurkikuntza hau behetik gora heldu da: larunbetarren jakin minak eta euskaltzaletasunak eraman gaituzte aldarea topatzera”
Irulegiko eskua aurkezterakoan, Velazak eta Gorrotxategik idazkuna baskonikoa edo antzinako euskara zela esan zuten. Gero, Fontes Linguae Vasconum aldizkarian, beste hainbat adituk esan dute hori ezin dela segurtatu. Aurkikuntza honek eragiten al dio eztabaida horri?
Galdera ona. Aurkikuntza honekin guztiek bat egingo dute. Irulegiko eskua iraultza bat izan da. Idatzizko lekukorik ez dagoenean, gure hizkuntzalariek modeloak sortu behar dituzte, iragana aztertzeko. Ez badago ezer idatzita, Grezian bezala, modeloak sortzen dituzte, beraien ezagutzan oinarrituta. Azaltzen denean Irulegiko eskua, modelo horietako batzuk hankamotz geratzen dira. Horregatik egin zuten Fontes Linguae Vasconum aldizkarian monografiko bat Irulegiko eskuaren inguruan. Hor idatzi zuten guztiak bat datoz gauza batean: aztarnategia oso inportantea da eta arkeologo gazte talde horrek oso ongi egin du lan. Eskerrak ematen dizkigute horregatik. Eta guk haiei ematen dizkiegu eskerrak. Aldizkari horretan adituak, hizkuntzalariak, ez dira ados jartzen beraien artean. Guk oso poz handiarekin hartu dugu argitalpen hori horrek adierazten duelako zer garrantzi daukan gure aurkikuntzak. Gu arkeologoak gara, guk badakigu lur azpitik gauzak ateratzen, baina ez dakigu hizkuntzez. Horregatik oso elkarlan oparoa egiten ari gara bai Javier Velazarekin baita Joaquin Gorrotxategirekin ere. Haiekin batera egin genuen argitalpen dibulgatiboa eskuaren aurkikuntzaren berri eman eta bi astera. Cambridgeko Unibertsitateko Antiquity aldizkaria arkeologian inportanteenetako bat da, eta horretan artikulu bat argitaratu dugu. Paleohispanica epigrafiari dagokionez penintsulako aldizkari zientifikorik esanguratsuena da, eta hor beste artikulu bat atera dugu. Beraz, urte batean erreferentziazko lau argitalpen ditugu, oso akademikoak. Irulegiko eskuak bide bat ireki digu. Erromatarrak Iruñerrira iristen ari dira, eta, hara: baskoiak jada alfabetatuta daude. Eta gero hau azaldu da.
Larrahe jada azaldua zen molde honetako idazkunetan, ezta?
Badira beste hiru aipamen, bai. Lizarraldean, zehazki, Andelosen, Muruzabalen eta Iruxon. Horregatik aurkikuntza honek ematen dio garrantzia aurretik esandako guztiari. Bide akademikoan, ikerketaren bidean, honek bagenekien zerbait berresten du, eta lurraldea zabaltzen du.
Kokatze aldera: Irulegiko eskua K.a. I. mendekoa da, eta Larunbeko aldaera K.o. I mendekoa.
Zehazki, Irulegiko eskua K.a. 75 urte lehenagokoa, eta Larunbeko aldarea K.o. 50 eta 100 urte artekoa. Hau da, Irulegiko eskua 150 urte zaharragoa da.
Nor zen Valeria Vitella?
Hori da galdera. Pertsona bat da eta emakumea. Izen-abizenak latinez ditu: Valeria eta Vitella. Vitella txekorra da euskaraz. Berak egiten du eskaintza. Baina ez dakigu berak zein hizkuntzatan hitz egiten zuen. Ez dakigu Valeriak latina ulertzen zuen eta alfabetatuta zegoen. Dakiguna da berak agindu zuela erritual hori egitea eta erritual horren barruan idazkera inportantea dela. Eta erritualen barruan, berak Larrahe jainkoa ezagutzen zuela. Eta jainko hori indigena zela. Adibidez, gure amatxi Arantzazura joaten zen eta meza liburu bat eramaten zuen, latinez. Apaizak latinez egiten zion otoitz jainkoari. Gure amatxik ez zekien latinez, baina ulertzen zuen inportantea zela jainkoari latinez egitea otoitza. Baina bere jainkoa indigena zenez, hitz bat euskaraz zegoen hor: Arantzazu. Horrek Larunbekoa ulertzen lagun dezake.
Zergatik bota zuten aldarea putzura?
Hori bigarren galdera da, eta ez daukagu erantzunik. Badakigu harrizko aldare hau lehen mendean jartzen dutela. Inguruan egitura bat egongo zen, irakurtzeko aldare bat baita. Goian badu halako zulotxo bat, eskaintzak egiteko, ardoa botatzeko edo intsentsua erretzeko. Baina ur putzu baten barruan aurkitu dugu. Eta idazkuna behera begira zuela, modu txukun batean jarrita, ez baitago pitzatuta. Jaitsi zuten eta hor utzi zuten. Zergatik ez zuten bota amildegitik? Zergatik ez zuten harria erabili monasterioa eraikitzeko? Aldi berean badakigu aldarea hor dagoela duela 900 urtetik; izan ere, aldarearen gainean zegoen lurra aztertu dugu, bi datazio bidali ditugu Suediako Upsala unibertsitatera, eta XI. mendekoak direla esan digute. Beraz, hor dago XI. mendetik. Zergatik? Zer gertatu da, sinesmen berria, kristautasuna etorri dela eta hor barruan gorde nahi izan dutela? Edo gainetik kentzeko? Ez dakigu. Galdera asko daude.
Beraz, zergatik da garrantzitsua Larunbeko aldarea?
Iraganera begira beti bi gauzaren falta sumatzen dugu, historia ofizialean agertzen ez direnak, gure idatzietan, eta bidelagunak direnak. Bata euskara da eta bestea emakumea. Ezin dugu ulertu gure Nafarroa, gure Euskal Herria euskararik gabe eta emakumerik gabe eta Larunbeko aldareak azaltzen du aspaldidanik biak protagonista izan direla.
Kokapenak ere badu bere garrantzia, ezta? Larrahe jainkoaren aipuak beti hegoalderago azaldu izan dira orain arte.
Orain badugu beste puntu bat, askoz iparralderago. Noiztik dago euskara Irurtzun, Sakana, Arakil inguruan? Aipamen zaharrena hau da.
Azalpen gehiago nahi dutenentzat, sarri Larunbeko aldareari buruzko liburua plazaratuko duzue, baita dokumental labur bat ere.
Egun batzuk barru salgai izango ditugu liburuak. Irulegiren kontura atera genuenaren antzekoa izango da. Liburu horri esker gure ikerketak sustatzeko baliabideak lortuko ditugu. Erosi nahi duenak Berria, Gara eta Diario Noticias-en bitartez erosi ahal izango du. Nabarmendu nahiko nuke aurkikuntza hau posible izan dela atzean komunitate bat izan delako. Hau behetik gora sortutako lan bat da. Inguruko herritarren jakin nahiak eta euskaltzaletasunak bultzatu dute hau guztia. Larunbe aldean duela hiru belaunaldi euskaldunak ziren, baina Larunbeko euskalkia bidean galdu zen. Honen guztiaren kontura, herriko frontoian horma irudi artistiko eder bat jarri dute, Larrahe jainkoari eskainitakoa. Iker Uribe artistak egindakoa da.