'Kultur' programaren 29. edizioa ekainaren 21ean abiatuko da

Bidane Beloki Ezker 2024ko eka. 13a, 10:51

Ekainaren 21ean Fiteron abiatuko da 29. edizioa eta irailaren 28ra arte egingo da Nafarroako 43 txokotan. Hofe x 4:40, Ibil Bedi, Anari, Goxua'n Salsa, Iñaki Diéguez eta Xabier Leturia, Kerobia edota Janus Lester musikarien artean.

Udako giroan eta Nafarroako hainbat txokotan tradizioa, folklorea, zirkua, magia, jazza, flamenkoa, pop hiritarra, sustraiko musikak, estilo guztietako musika bandak... Horixe da 'Kultur' programaren aurtengo proposamena. Ekainaren 21ean Fiteron abiatuko da zikloa eta irailaren 28ra arte egingo da Nafarroako 43 txokotan; aurreko edizioetan baino bazter gehiago bisitatuko ditu kulturak aurten.

Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Vianako Printzea Erakundeak antolatutako programa da. Antolatzaileen arabera programazioa "zabal eta askotarikoa" da.

Nafarroako lurraldean banatutako kalitatezko eta aniztasuneko eskaintza artistikoa sustatzea eta zabaltzea da proiektuaren helburua. Tokiko erakundeekin elkarlanean artea eta kultura zabaldu, eta ondare historikoa, artistikoa eta naturala baloratzeko proposamena da.

Egitaraua

Ekaina, uztaila, abuztua eta irailean zehar ostiraletik igandera izango dira ekitaldiak. Bertan bertakoa, 34 talde edo artista nafar izanen dira emanaldien arduradunen artean.
 
Ekaineko emanaldien artean Kerobia taldea Izaban izango da ekainaren 28an, arratsaldeko 20:00etan. Larunbatean, 29an, iluntzeko 21:30ean En-kantu izango da Marcillako gazteluan.
 
Uztailean musika izanen da nagusi. Iñaki Diéguez eta Xabier Leturia izango dira kontzertuan, Donamariako jauregian, uztailaren 19an arratsaldeko 20:00etan. 20an berriz Xabi Zeberio musikaria izango da Berako Telletxea lorategian, arratsaldeko 20:00etan. Uztailaren 27an, larunbata, bi proposamen izanen dira: Bazzkun proiektuaren eskutik Eguzkilore ikuskizuna Zugarramurdin eguerdiko 12:00etan; eta, Lizarran, Janus Lester 21:00etan. Zirkuak ere izanen du tartea uztailaren 21ean Erronkarin, arratsaldeko 19:00etan Zirika Zirkusekin.
 
Abuztuko proposamenen artean Goxua'n Salsa (abuztuak 11, Tafallan) eta Korrontzi (abuztuak 24, Lezaunen) izango dira. Irailean berriz, Kulturren azken hilabetean Ibil Bedi (Irailaren 6an, Altsasun), Hofe x 4:40 (irailaren 7an, Tuteran), eta Anari (Irailaren 8an, Leitzan).

Oholtzak 43 txokotan

Ekainean, Fitero, Artaxoa, Gabarderal, San Adrian, Izaba, Martzilla eta Agoitzera iritsiko da Kultur. Uztailean, Lapoblación, Orreaga, Donamaria, Bera, Berbinzana, Erronkari, Etxarri Aranatz, Lizarra, Zugarramurdi eta Lekunberrira. Abuztuan, Otsagabia, Ribaforada, Elizondo, Garralda, Los Arcos, Gazteluberri, Mendigorria, Tafalla, Korella, Biana, Untzue, Zangoza, Lezaun, Leireko Monasterioa eta Lodosa dira egoitzak. Azkenik, programa irailean amaituko da Faltzes, Altsasu, Tutera, Leitza, Argetas, Uxue, Buñuel, Lizaso-Orgi, Gares eta Zuñiga bisitatu ondoren.
 
Kontsultatu hemen programa osorik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!