Olatz Salvador: "Nahi nuena transmititu dudala uste dut, horri ematen diot garrantzia eta ez zenbakiei"

Miren Mindegia 2024ko mai. 21a, 18:24

Musikari donostiarrak abesti berria kaleratu berri du, 'Gerorik balego', aurretik ateratako 'Basa' kantuarekin batera iraila amaieran plazaratuko duen diskoaren parte izanen dena

Azalberritze prozesu betean dago Olatz Salvador. Soinu berri baten bilaketan, duela bi hilabete Basa kantua plazaratu zuen eta egunotan iritsi da bigarrena: Gerorik balego. Elektronikaz lagunduta, atmosfera iradokitzaile eta poetiko bat da musikari donostiarrak eraiki duena, aurrekoa baino are zikinagoa, basatiagoa eta ilunagoa.

Berria du soinekoa, ez alta gorputza. Izan ere, nabarmendu duen bezala, soinu berri baten bilaketa horretan oinarriak berdina izaten jarraitzen du. "Onartu beharra dut beldur handiz bizi izan dudala prozesua, eta bidean lortutako guztia zapuztuko nuela pentsatzera iritsi naizela. Baina zerbait berria egiteko beharra nuen, haustura baten beharra". Oinarri elektronikoa eta soinu anbiental eta distortsionatuek rave kutsu batematen diote Gerorik balego-ri. Hain zuzen, "dantza katartiko batera eraman nahi gaituen bidaia" proposatzen du Salvadorrek, "tranze batean sartzeko deia".

Kanta 2022an sortu zuen Loraldia jaialdiko egitasmo baterako eta Gironako Olivera estudioetan burutu du ekoizpen, grabaketa eta nahasketa prozesua. Bideoari dagokionez, Ane Berriotxoak zuzendutako Basa-n kantarekin kaleratutako bideoaren jarraipen bat da, tarot karta batzuen sinbologia ardatz hartutako irudiez osatua.

Abeslariak iragarri bezala, datozen hilabeteotan emanen dituen kontzertuetarako datak lotzen ari da jada. Ekainaren 20an Donostiako Miramar jauregia izanen du agertoki eta uztailaren 17an "oraindik iragarri ezin daitekeen" beste kontzertu bat emanen du, "ilusio berezia" egiten dioena. Disko berria irailaren amaieran aterako da argitara. 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!