Hamaseigarrenean, agidanez du izenburu Anjel Lertxundiren eleberri motz gomendagarri batek. Hura parafraseatzeko moduan da Jagoba Arrasate. Bederatzi partida zeramatzan, jarraian, Atletico de Madrilen aurka galtzen Metropolitanon, eta hamargarrenean, agidanez, madarikazioa apurtzea lortu du.
Osasunak Atletico de Madrid haren etxean garaitu zuen atzo, hamabost urteren buruan eta Jagoba Arrasate gorritxoen aulkian dagoenetik lehendabizikoz. Berriatukoaren taldeak etxetik kanpoko denboraldiko partidarik hoberena egin zuen Metropolitanon, hasi eta buka.
Gainera, datorren denboraldira begira albiste on ugari eman zituen norgehiagokak: Raul Garcia de Harok bi gol sartu zituen, Aresok egun gorritxorik onena dela berretsi zuen, Catenak erakustaldia egin zuen.
Balentria meritu handikoa da: Metropolitano estreinatu zutenetik aurkari batek Atletico de Madridi zelai horretan lau gol egiten dizkion lehen aldia da. Jagoba Arrasate pozik azaldu zen kazetarien aitzinera: “Gaur oso pozik gaude. Zelai gaitz batean kristoren partidua egin dugu eta garaipena lortu dugu. Hemendik goraipatu jokalarien lana, zelan entrenatu duten, zelan lehiatu diren gaur. Itxiera biribil bat da, etxetik kanpoko ibilbideari. Datorren astean edukiko dugu etxean, irabazten saiatuko gara. Gaurkoak hauspo handia emango digula uste dut”.
Taldearen berpizkundean ez ote duen eraginik izan Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak teknikariei eta jokalariei egotzi izanak taldearen arazo ekonomikoen ardura. Osasunak larunbatean, eguerdiko ordu bietan eta Villarrealen aurka jokatuko du denboraldiko azken partida. Jagoba Arrasateren agurrekoa izanen dena.