Sexu-genero disidentzien aurkako indarkeria oro salatzeko eguna da gaur, maiatzaren 17a, LGTBI+ fobiaren aurkako eguna hain zuzen. Azkenaldian oldarraldi bortitza pairatu dute kolektiboko kideek, nazioartean Argentinan esaterako, Baracasen bi lesbiana bikoteri su eman diete; eta Iruñean ere, bestelako salaketak izan dira maiatzean, Kattalingorri kolektiboak hiru eraso izan direla salatu du. Luna Martinikorena Mutiloa INAI Berdintasun Institutuko LGTBI+ alorreko zuzendariordeak eman digu datuen berri Metropoli Foralean.
Gorroto delituen kasuan kolektiboko pertsonen aurkako erasoen %20 baino ez dela salatzen adierazi du Martinikorenak. Aurtengo kanpainaren fokua nabarmendu du zuzendariordeak: “hain normalizatuak dauden biolentzia horietan jarri dugu, diskriminazio estrukturala sostengatzen dutelako. Askotan ez dira identifikatzen eta beste zenbaitetan ez dira salatzen”. Izan ere, "ez dira bakarrik eraso fisiko eta irainak, LGTBI+ fobia soziala, mediatikoa eta instituzionala ere badago gaur egun".
Espazio seguruak
Nafarroan ez dago behatokirik baina bai arretarako Kattalingune zerbitzua: Tafallan, Tuteran, Lizarran, Irurtzunen eta Iruñean dituzte bulegoak. Bertan aholkularitza psiko-sexologikoa, juridiko eta aniztasun sexual eta genero aniztasunaren inguruko informazio, orientazio eta aholkularitza ematen dute profesionalek; Martinikorenaren hitzetan “espazio segurua da”, alegia.
Iruñean ordea, Harrotuk kudeatzen du LGTBI+ fobiaren behatokia eta bertan erregistratu daitezke erasoak eta protokoloa aktibatu. "Nafarroako behatokia legegintzaldi honetan gauzatzeko konpromisoa hartu dute alderdiek, baina momentuz proiektu bat besterik ez da”, adierazi du Martinikorenak. Horrek asko lagunduko lukeela nafar mailan errealitatearen diagnostikoa egiten iritzio dio berdintasun arduradunak. Gainera, "sentsibilizazio tresna ere izan liteke”.
Martinikorenak nabarmendu du azkenengo urteotan aurrerapausoak eman direla LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan eta bermean “aldaketa sozial bati esker”. Baina, hala ere, LGTBI+ fobiak "hamaika aurpegi ditu" eta bere adierazpen anitzetan errealitate izaten jarraitzen duela azaldu du zuzendariordeak. "Askatasunerako bidean, bide luzea dago oraindik ere egiteko".
Manifestazioa antolatu du E28 plataformak arratsaldeko 19:00etan, Baratxurien plazatik.