Osasuna

Hoberena, emaitza

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko api. 29a, 08:19

RAul Garcia de HAro nahi eta ezinean, atzoko norgehiagokan. (Argazkia: Osasuna)

Osasunak hiru eta huts galdu zuen Granadaren aurka, atzo arratsaldean Los Carmenes futbol zelaian jokaturiko norgehiagokan. Porrot horren ondotik gorritxoak 11.ak dira sailkapenean, 39 punturekin.

Hoberena, emaitza. Azken aurreneko sailkatuaren aurka hiru eta zero galduta, hoberena emaitza izan zen, Osasunaren atezain Sergio Herrerak meritu handiko hainbat geldiketa egin baitzituen, gol aukera andana sortu zuten Granadaren aurrelarien aitzinean.

Askoz okerragoa izan zen taldeak emandako irudia: lehen zatian, indargea. Bigarrenean, negargarria. Aurtengo fitxaketen ezintasunak oso agerian geratu ziren, bereziki Catenarenak eta Raul Garcia de Harorenak. Edonola ere, Herrera izan ezik, gainontzeko guztiek partida tamalgarria egin zuten.

Bistan da salbazioa lortuta, Europarako sailkatzeko aukerarik gabe, eta Arrasatek taldea utziko duela iragarri eta gero, jokalariek ez dutela motibaziorik, eta, Zabalzak zioen bezala, erlaxatzen garelarik oso txarrak garela.

Jagoba Arrasate etxita azaldu zen kazetarien aitzinera: “Gertatu ezin dena da bigarren zatian egin duguna. Gauzak oso gaizki egin dugu. Gaizki egin dugu erasoa. Gaizki defendatu dugu. Eta ez gara Osasuna izan. Eta hori bai ezin dela errepikatu. Gauzak hobeki edo okerrago atera daitezke, baina beti izan behar dugu Osasuna, eta gaur hori galdu egin dugula bigarren zatian. Ikasi behar dugu, hilabete geratzen baita bakarrik, eta bigarren zatiko bide horretatik ez goaz inora”.

Ea zer aurpegi ematen duen taldeak Liga amaitzeko geratzen diren partiduetan. Horietan dirudiena baino gehiago baitago jokoan: batetik, etxeko azken norgehiagokan Arrasateri merezitako omenaldia egin ahal izatea, taldean ibilbide historikoa egin eta gero; bestetik, datorren denboraldiko proiektua eraikitzeko gutxieneko sendotasun bat duten zimenduak uztea.

Sare sozialetan osasunazaleen artean zabaltzen ari den ozpinkeria ikusita, ongi letorke ez atzentzea hau Osasuna dela, eta Osasunaren historia eta aurrekontua kontuan hartuz, salbazioa lasaitasunez lortzea beti dela lorpen itzela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!