Oskar Zapata: “Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko api. 19a, 13:20

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak

Hiru urteko lanaren fruitua aurkeztu du Topaguneak, Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako jardunaldietan. Kezka batek abiarazi zuen prozesua, azken bi inkesta soziolinguistikoetan euskara sustatzearen aurkako jarrera handitu izanak. Errealitate batean oinarritzen da: euskaltzaleak, abertzaleak eta D eredua bera egun %30ean daude, eta ezinbestekoa da gizartearen %50aren aldekotasuna lortzea parlamentuan euskara biziberrituko dituzten neurriak onartzeko. Hiru urteotan, aliatu berri horiek lortzeko jokabideak eta ildo diskurtsiboak landu dituzte. Topagunearen Nafarroako zuzendari Oskar Zapatak horien berri eman du Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.

“Berdintasunean eta aniztasunean aitzindari izan behar dugu, baloreon inguruan euskararentzako eremu zabala baitago irabazteko”

Zuen proposamenaren aurkezpenaren ondotik, aje emozionalik?
Pixka bat bai. Pisua kendu dugu gainetik; izan ere, hiru urteko lana jendearen aurrean aurkezteak badu bere pisua.

Ajea arinduko zizuen proposamenak lortu duen oihartzun mediatikoak: Gara-k eta Diario de Noticias-ek horrekin zabaldu dute, Berria-k azalean dakar.
Oso pozgarria da. Egin dugun lana gizarteratzea funtsezkoa da, eta gauzak horrela interesa piztu dela ikustea oso pozgarria da.

Zuen gogoetaren abiaburua kezka bat izan da: 2015etik Nafarroa Garaian handitu egin da euskara sustatzearen aurkako jarrera.
Beti egon da sektore bat Nafarroan, handia, euskara sustatzearen aurkako jarrera duena. Azken inkesten arabera %37an kokaturik dago. Oso handia da. Eta gainera badago beste %33 bat ez alde ez kontra dagoena. Beraz, euskara sustatzearen aldekoak %30 gara soilik. Kezka horrek hausnarketa batera ekarri gintuen: inportanteena ez zela guk pentsatzen edo ikusten genuena, baizik eta gu ez garen horiek zer esaten duten, non ikusten dituzten hobe ditzakegunak, non egon daitezkeen topalekuak. Hori izan zen prozesuaren abiaburua: goazen entzutera nola ikusten gaituzten.

Hori horrela, zein helbururekin ekin zenioten prozesu honi?
Topagunearen helburu estrategikoetako bat da nafar gehienak euskararen aldeko jarreretara ekartzea; izan ere, euskarak Nafarroan aurrera egingo badu neurri ausartak eta eraginkorrak behar ditugu, eta horiek parlamentuan onartuko dira baldin eta %50 baino gehiagok alde bozkatzen badu. Gure ekarpen xume honekin ikusi nahi dugu ea kapazak garen jende gehiago ekartzeko euskararen aldeko jarreretara, edo behintzat aurkako jarrerak leuntzeko.

“Bizikidetzaren alde egin behar dugu, bizikidetza hizkuntzaren eta kulturaren aitortzatik etorriko baita, ez ukaziotik”

Nortzuk parte hartu dute hausnarketa kolektibo honetan?
Hasieran talde egonkor bat sortu genuen. Horren barruan, hamalau lagun aritu dira gurekin, intentsitate handiagoz edo txikiagoz, hiru urte hauetan. Proposamen asko jaso ditugu. Material handia. Baina ikusi genuen bestelako kontraste foroak behar genituela. Lehenik eta behin, euskara dakien jendearekin. Betiere heterogeneotasun geografikoa eta ideologikoa bermatuz. Gero, euskararekin harremanik ez duen jendearekin gauza bera egin genuen. Eta Topagunearen galbahetik ere pasa genuen, dokumentu batera iristeko.

Iritzi ugari eta askotarikoak jaso zenituzten. Formulazio komun batera iristea ez zen erraza izanen.
Ez, baina oso aberasgarria izan da. Batez ere ikasi dugu oso inportantea dela besteen ahotsak entzutea eta aintzat hartzea. Lagundu nahi baitute. Ekarpena egin duten guztiek lagundu nahi ziguten, gurekin ados egonda zein ez egonda. Garbi genuen ez genuela 200 orrialdeko txosten bat egin nahi. Helburu bat jarri genion geure buruari: 15 orrialde baino gehiago ez idaztea. Datozen urteotan gehiago idatziko dugu. Baina orain lerro-buruak proposatu nahi genituen, bakoitzak nahi duen eran garatu ahal izateko.

Diskurtsoa landu duzue, baina jardunbide egokiak ere proposatu dituzue. Zergatik?
Guk ildo diskurtsiboak soilik eskaintzea pentsatuta genuen, baina horiek prestatzeko prozesuan ikasi genuen  ildo diskurtsiboak inportanteak izanda ere, garrantzi itzela duela nola jokatzen dugun Nafarroako gizartearen eta pertsonen aurrean. Nola lantzen ditugun afektuak. Horregatik sortu genuen jardunbide egokien zerrenda.

Jardunbideekin loturik, aniztasuna behin eta berriz nabarmendu duzue. Zer dela kausa?
Gizarte ikuspegi zabalarekin jokatu behar dugu, Nafarroan eragin nahi badugu. Beti esaten da Nafarroa askotarikoa dela, eta bada, politikoki, geografikoki eta hizkuntzei dagokienez. Nekez lortuko dugu guk bezala pentsatzen ez dutenen aldekotasuna, haiengana hurbiltzen ez bagara. Klase begirada edukitzea garrantzitsua da. Etorri berriei harrera modu egokian egiteko lan egitea ere inportantea da. Eta horiek bezala beste hainbat jardunbide.

“Gakoetako bat gatazkaren kudeaketa demokratikoa da, gatazka egon badagoelako eta egonen delako”

Hortik, nafar identitatea berrikustea proposatu duzue. Nola?
Identitate konplexuak ditugu pertsonok. Hori gero eta nabariagoa da. LGTBI mugimendutik eta feminismotik oso ekarpen interesgarriak egin dituzte alor honetan. Pluraltasunaz hitz egiten badugu, pluraltasuna bere osotasunean hartu behar dugu. Ez bakarrik gurea. Denok osatzen dugu gizarte hau eta denok elkarrekin pentsatu behar dugu gizarte hau. Betiere ulertuta euskara bizirik egotea gizarte honen osasun egoera onaren proba bat dela. Gizarte aberatsagoa, pluralagoa eta demokratikoagoa nahi dugu,. Guk horren alde egiten dugu, besteekin partekatuz gure ideiak, eta posizio horietara etortzen lagunduz.

Aliatu berriak bilatu behar dira, baina baita zaindu ere. Aniztasunaren eta berdintasunaren bidean aitzindari izan behar dugula diozue.
Eman eta jaso. Kontatu eta entzun. Horiek dira bideak. Kontua ez da nik zuri nirea kontatzea eta berehala nik zuri nirea defenda dezazula eskatzea. Goazen ikustera non egin dezakegun bat. Ikusi dugu aniztasunaren eta berdintasunaren defentsa eginez badagoela aukera on bat, baliagarria, aliatu berriak egiteko balio horiek konpartitzen dituzten talde eta pertsonekin. Hor badugu eremu bat irabaztek aukera handia.

Aniztasuna zer den galdetu zizueten atzoko jardunaldian.
Aniztasuna gurean errealitatearen aitortza da. Hizkuntza aniztasuna errealitate bat da Nafarroan. Hemen 100 hizkuntza mintzatzen dira. Beren lurraldeetan funtzio batzuk jokatzen dituzte, eta horregatik ekarri dituzte Nafarroara. Euskarak leku bakarra dauka funtzio horiek betetzeko. Aniztasun horretan euskara behar bezala kokatzen ez bada, aniztasun faltsu batez ari gara. Inportantea da hurbiltzea beste hizkuntzetan mintzo direnengana hurbiltzea eta espazioak konpartitzea, baina euskara aintzat hartuz.

“Euskaltzaleak, D eredua eta abertzaleak %30 dira. Euskararen aldeko neurriak onartu ahal izateko %50era iritsi behar dugu”

Atzoko jardunaldian, Marina Massager ikerlariak esan zuen Nafarroak munduaren aniztasunari egin diezaiokeen ekarpenik handiena hain zuzen ere euskarari eustea dela.
Irati oihanarekin batera [kar, kar]. Mintza gaitezen bioaniztasunari buruz, baina baita aniztasun soziokulturalaz ere.

Ildo diskurtsiboei dagokienez, euskara alderdien arteko jokotik eta identitateen arteko talkatik atera nahi duzue. Nondik nora?
Komeni da urte luzeetan euskararen inguruan entzun diren diskurtso horietako ohiko dikotomietatik aldentzea, eta eztabaida beste parametro berri batzuetara eramatea. Yasmine Khrisek atzo jardunaldietan zioen bera ez dela sentitzen ez nafarra ezta euskal herritarra ere, baina euskalduna dela [Khris Marsellan jaioa da, duela bost urtetik bizi da Iruñean, eta euskara ikasi du]. Posible da, eta onuragarria, orain arteko dikotomia horietatik beste batzuetara pasatzea: aniztasuna versus uniformizazioa, bizikidetza eta demokrazia versus autoritarismoa. Parametro horietan kokatu nahi dugu euskararen inguruko eztabaida.

Polemikoa suerta daiteke euskara eta abertzaletasuna deslotzeko  proposamen hori.
Guk ez dugu uste euskara abertzaletasunetik aldendu behar denik. Sostengu guztiak behar ditugu, datozen lekutik datozela. Besterik da non kokatzen diren eztabaidak eta diskurtsoak. Abertzaletasunak asko lagundu du euskarak Nafarroan egun duen egoera eduki dezan. Baina hori eta gehiago behar dugu; izan ere, euskararen sustapenaren alde dauden pertsonak %30 dira, eta boto abertzalea ere %30ekoa da. Gehiengoa izan nahi badugu, jende gehiago behar dugu, posizio politiko horietatik kanpo dagoena, eta horientzako ere ildo diskurtsiboak eta aukerak eskaini behar ditugu, ziaboga eman nahi badute helduleku diskurtsiboak eduki ditzaten. Euskal Herria estatu bihurtzeko proiektu politikoak haientzako balio ez badu, baditugu aukerak bestelako diskurtsoak egiteko haiekin bat egiteko? Bada bai. Aniztasunaren inguruan, berdintasunaren inguruan, baditugu batzen gaituzten balio batzuk, eta badugu elkarrekin egiteko bide bat.

Dikotomia berriak ez ezik, kategoria berriak ere proposatu dituzue. Zeintzuk?
Proposatzen ditugun ildo diskurtsiboak bi kategoriatan sailkatu ditugu. Lehendabizikoa hizkuntza ekologia da, horrek dakartzan baloreekin loturikoa: aniztasuna, berdintasuna, zaintza, jasangarritasuna. Bizikidetza da bigarrena. Asko erabili izan da bizikidetza terminoa, eta guk ere erabili behar dugu, bizikidetza etorriko baita hizkuntza eta kulturaren aitortzatik eta ez ukaziotik. Egin ditzagun gure bizikidetzarekin loturiko baloreak: errespetua, aitortza, gatazken kudeaketa demokratikoa.

Berdintasuna gakoetako bat dela diozue. Zergatik?
Ekitatez jokatzea da guk proposatzen duguna. Egoera zaurgarrian dagoenaren aldeko babes berezia behar dugu, instituzioen aldetik prestigiatzeko eta laguntzeko neurriak.

“Euskara eta gaztelania ikastea bermatuko duen eredu inklusiboa behar dugu, baina bitartean euskara duten eredu guztien alde egin behar dugu”

Jardunaldian Eusko Ikaskuntzako Amaia Nausia Pimoulirrek esan zuen herritarren arteko berdintasuna urratu egiten dela, haur guztiei euskara ez irakatsiz.
Gogoan dut Jose Iribasekin [Hezkuntza kontseilaria, UPNren garaietan] izan nuen elkarrizketa batean berak esan zidala euskara inposatzen zela Nafarroan. Eta nik erantzun nion hizkuntza bat inposatzeko bi baldintza behar zirela: elebakarra izatea eta boterean egotea. Garbi dago denok euskara ulertuko bagenu berdintasunetik hurbilago egonen ginatekeela bai eskubideetan eta baita aukeretan ere. Guk eredu inklusibo bat proposatzen dugu, gaztelaniaz eta euskaraz ongi egiteko aukera ematen duena. Hori ez dagoen bitartean, haurrak euskarara hurbiltzen dituzten dauden eredu guztiak [A eta B] babestu behar ditugu. Txarra litzateke Azagran, adibidez, euskararekin kontaktua edukitzea hezkuntzaren bitartez, egun ez bezala?

Atzo sarri aipatu zen Eusko Ikaskuntzaren ikerketaren arabera, euskara Nafarroan bi identitate nazionalen arteko gatazkaren erdian dago. Nola gizarteratu diskurtso berri hau gatazka horren erdian?
Gakoetako bat gatazkaren kudeaketa demokratikoa da, gatazka egon badagoelako eta egonen delako. Posizionamendu ezberdinak dira. Ongi identifikatu behar dugu hobeki bizitzeko eta bizikidetzarako behar ditugun elementuak zeintzuk diren, eta horien alde egin behar dugu. Bizikidetza hizkuntzen eta kulturen aitortzatik etorriko da, eta ez ukaziotik, eta printzipio horretatik abiaturik bilatu behar dugu zeintzuk izan daitezkeen kontsentsurako puntuak. Kontsentsuak ulertuta betiere euskara bizirik egotea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!