Guardia Zibilaren eskutan zegoela, Intxaurrondoko koartelean torturapean hildako Mikel Zabalza orbaiztarra eta Guardia Zibilak errepide control batean tirokatutako Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia, eskuin muturra eta poliziaren biktima moduan aitortu ditu ofizialki Nafarroako Gobernuak. Gaur eman ditu ezagutzera biktima izaera aitortu zaien 12 pertsonen zerrenda. Haien artean dira aipaturiko bi hildakoak, 1978ko San Fermin festetan izandako polizi oldarraldian su-armaz zauritutako hiru pertsona eta geroago polizia-karga batean istiluen aurkako material gehiegi edo gaizki erabiltzeagatik kalte larriak jasan zituen beste biktima bat ere. Biktima horiei gehitu behar zaizkie atxiloaldian indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan zuten beste lau pertsona eta eskuin muturreko taldeek aldarrikatutako atentatuetan zauritu ziren beste bi pertsona. Juan Jesus Albizu, Jesus Miguel Imaz, Carmen Garatea, Joanes Molina, jose miguel Fernandez, Santiago Juannarena, Gloria Bosque, Jose Ramon Velez, Mikel Arregi, Mikel Zabalza, Jesus Mari Irañeta eta Fermin Ilundain dira lehendabiziko aitortza ofiziala jaso duten biktimak.
Aitortzak Nafarroako Parlamentuko Airotza eta Erreparazio Batzordeak proposatu ditu. Batzorde horren helburua da aipatutako testuinguru biktimologikoan indarkeriazko, neurriz kanpoko eta legez kanpoko ekintzen ondorioz hil ziren edo zauritu ziren pertsonei – fisikoki eta psikologikoki – aitortza eta erreparazioa ematea. Beste 60 biktimen txosten ari dira aztertzen eta aurki aitortza berriak espero dira.