Erorien Monumentua Eraisteko Plataformak bere eskaerak parlamentuko presidenteari helarazi dizkio

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 11a, 08:05

Erorien Monumentua botatzea beste biderik ez du ikusten eraikin hori eraisteko eskatzen ari den plataformak. Parlamentua premiatu dute eraikinean maila sinbolikoan nahiz arkitektonikoan jardutea eragozten duen lege-blindajea ezabatzera; horretarako ezinbestekoa da 33/2013 Legea eta Vianako Printzearen katalogazioa aldatzea.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin die gaur bere bulego ofizialean Erorien monumentua eraistearen aldeko elkarteen batzarreko ordezkari Javier Ayape, Josetxo Arbizu eta Joaquín Iraizozi. Bileran, kolektibo memorialisten ordezkariek Erorien monumentuari dagokionez duten jarrera azaldu diote lehendakariari, hots, eraikina eraistearen aldekoa erabat, eta Parlamentuaren laguntza eskatu dute eraikinean maila sinbolikoan (33/2013 Foru Legea aldatu beharko litzateke) eta arkitektonikoan (Vianako Printzeak ematen dion babesa dela-eta) jardutea eragozten duen lege-blindajea ezabatzeko.

Horretarako, eta Joaquín Iraizozek azaldu duenez, “bi proposamen egin dizkiogu lehendakariari. Alde batetik, Erorien monumentua ideologia eta sinbologia frankista duen monumentu gisa katalogatzea, horrela 33/2013 Foru Legearen 11. artikuluan sartzeko aukera egonen bailitzateke; izan ere, artikulu horrek agintzen du esku hartu behar dela altxamendu militarraren, gerra zibilaren eta diktaduraren gorespena egiten duten tokietan”. “Bestalde –jarraitu du Iraizozek–, Vianako Printzea erakundeak Erorien monumentuaren zenbait zatiri ematen dion babesa (2-3 mailakoa) kentzeko premiatu dugu, bestela ezin baita segurtasun juridikoarekin jardun. Edozein jarduketa eten liteke. Ez gara sartzen desberdintasun alderdikoietan. Udalarekin biltzeko zain gaude, baina alkateak dioenez, aukera guztiak zabalik daude”, adierazi du.

Amaitzeko, Erorien monumentua eraistearen aldeko elkarteen batzarreko bozeramaileak eskerrak eman dizkio lehendakariari “prest egoteagatik gai hori Parlamentuan jorratzeko; lehenik, lan-bilkura batean, eta, kasua bada, jardunaldi edo hitzaldi espezializatu baten bidez”. Bestalde, Unai Hualdek konpromisoa hartu du jasotako manifestua eta dokumentazioa talde parlamentarioei emateko. Era berean, Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Batzordeko lan-bilkura batean parte hartzeko aukera eskaini die, haien proposamenak zuzenean talde parlamentarioei azaldu ahal izateko. Lehendakariak adierazi duenez, saiatu behar da “irtenbidea elkarte memorialistekin elkarlanean lortzeko, eta adostasun sozial eta politiko handienarekin, ahal dela legegintzaldi honetan”.

 

Erorien monumentua eraistearen alde

19 kolektibo memorialistaren jarrera biltzen du, kolektiboak ezen manifestu bat sinatu baitute, zeinetan eskatzen baita berehala has daitezela Nafarroak gurutzadako bere hildakoei monumentua eraisteko beharrezkoak diren jarduketak; izan ere, haien ustez, horri beste esanahi bat emateko edozein saiakera bateraezina da eraikinaren funtsarekin –biktimarioak goratzea– eta memoria demokratikoarekin.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!