Pediatrarik gabe daude leitzaldean urtearen hasieratik. 3.000 biztanle ditu herriak eta leitzarrez gainera Aresoko, Aranoko eta Goizuetako haurrei ere Leitzako pediatra dagokie. "600 haur inguru daude pediatra zerbitzurik gabe", azaldu du Leire Osa leitzarrak. Kexak jarri dituzte egoeragatik, baina erantzuna Iruñera eramatea izan da: "50 kilometro egin behar izatea pediatra batek ikus ditzan haurrak ez da bidezkoa". Gaixo kronikoak, jaio berriek behar dituzte errebisioak ... guztiak daude egin ezinik herrian: "Eskerrak erizaina behintzat badugun eta hark zenbait zaintza eskaintzen dituen, oso inplikatua dago, baina betiere bereari dagozkion eginkizunak eskaintzen ahal ditu soilik", adierazi du Osak.
Egoerarekin kexu mobilizazioak eginen dituzte euren ezinegona azaldu eta egoera salatzeko. Apirilaren 12an elkarretaratzea eginen dute Leitzako plazan. Horretarako haurrak eta soinua eramatea eskatzen ari dira "iruñetik ere entzun ditzaten". Apirilaren 15ean Iruñeko Vianako Printzea ospitalearen parean eginen dute protesta eta hilaren 27ean Leitzako plazan argazki erraldoia osatzera deitu dituzte herritarrak. Leire Osa leitzarrari Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa argazkian klik eginda entzun daiteke.