Amaia Iriarte (Landab): "Adinduen bakardade sentimenduari aurre egitea da erronka"

Maialen Huarte Arano 2024ko api. 8a, 08:48

Aukeratu gabeko bakardadea prebenitzeko proiektu bat martxan jarri du Nafarroako Gobernuak Sakanan. Pertsona zaharrei babesa emateko proiektu pilotua da Teknoadineko Landab izenekoa. Zaintza komunitarioan oinarritzen da; lehenengo fasean diagnostikoan eta sentsibilizazioan jarri dute arreta. Horretarako, bakarrik bizi diren inguruko pertsona zaharren nahiak eta beharrak bildu dituzte. 

Teknoadineko Landab izeneko proiektu berritzaileaz mintzatu da Euskalerria Irratian Amaia Iriarte koordinatzailea: "Bakardade egoeran dauden pertsona helduei arreta eskaini nahi diegu". Bilatzen ez den bakardadeari aurre egiteko proiektuan barneratu dira Sakanako Mankomunitatearen bidez zenbait herri. "Adineko pertsonek ez dute deitzen gizarte zerbitzuetara  eta guk pertsona horiek identifikatu eta harremana egin nahiko genuke haiekin", azaldu du. Gizarte langileen bidez eginen lukete lotura, baina horrez gainera "zaintza komunitarioa" jarri nahiko lukete martxan: "Herri txikietan ohikoa da bizilagunen arteko zaintza hori eta horri heldu eta indartu egin nahi dugu". "Auzozainak" izeneko pertsonak ere izanen dira. Boluntarioek edo pertsona edadetuek emandako gertuko lagunen izenek osatzen dituzte auzozain taldeak. 

Bakardadea, sentimendu gisa

Bakardade ez hautatua sentimendu bat dela esan du Irirartek: "Nahiz eta jendez inguratua egon bakarrik sentitzeaz ari gara bakardadeaz hitz egiten dugunean". "Ikusezin" bilakatzen dira pertsona edadetu asko eta "isolamenduan" egoten dira. Horri aurre egiteko proiektua garatzen ari dira Sakanan. Amaia Iriarte koordinatzailearekin Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa entzun daiteke argazkian klik eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!