Azken hilabete honetan martxoan 2008tik langabezia kopururik txikiena erregistratu da Nafarroan: 30.843 dira langabeak. Izan ere, ohikoa den bezala, Aste Santuko kanpainak langabezia murriztu du martxoan eta 194 pertsonatan jaitsi da. Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak helarazitako datuak dira hauek eta azken zifrek erakutsi dute, Foru Erkidegoan bi hilabetez jarraian behera egin du langabeziak.
Nagusiki zerbitzuen sektorean izan da beherakada, 307 langabe gutxiago erregistratu baitira martxoan, zehazki, %1,44 egin du behera. Bestelako zenbait sektoretan ordea, gora egin du langabeziak, gutxi bada ere. Aurretik enplegurik ez zutenen kopurua gora, eta industrian (+%0,74), nekazaritzan (+%1,08) zein eraikuntzan ere bai (+%0,89). Adinari erreparatuta, martxoan, 25 urtetik beherako gazteen artean, langabeziak gora egin du ia %12.
Beste behin gora egin du gizarte segurantzan afiliatuen kopuruak. Nafarroak 305.814 afiliatu izan ditu martxoan, aurreko hilean baino %0,41 gehiago, 1.254 lanpostu gehiago sortu dira eta aurreko urteko hilabete berean baino %1,62 gehiago (4.877). Erregistratutako kontratuei dagokienez, martxoan 20.720 kontratu izan dira; %77,5 aldi baterakoak eta %22,5 mugagabeak.
Ziurgabetasuna gorabehera, positiboki baloratu ditu langabeziaren datuak CCOOk Lan Erreformari esker, Nafarroan kalitatezko enpleguak aurrera egiten jarraitzen dutela adierazi dute. Bide beretik UGTk positibotzat jo ditu datuak, nahiz eta "oraindik ere zuzendu beharreko desberdintasun handiak dauden lan-merkatuan". Kontran, LABek lan-merkatuan sartu diren pertsonen "prekarietate kronifikatua" salatu du. Lan baldintza kaskarran nabarmentzen direla adierazi du sindikatuak.