400dik gora sinbolo frankista kendu dituzte Nafarroako espazio publikotik. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Memoria, Elkarbizitza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak parlamentuan azaldu du "etenik gabeko ilana" zaten ari dela. "Ikur frankisten errolda eguneratzen ari dira etengabe, bizia eta aldakorra delako", azpimarratu du.
2013an onartu zen Nafarroan 1936ko kolpe militarrean biktima izan zirenen memoria, aitortza eta erreparaziorako legea. Horren baitan ari dira 2015etik frankismoa goratzen duten sinboloak, kale izendegiak edota plakak erretiratzen. Nafarroako Gobernuak 2016an osatu zuen ikur frankisten zerrenda bat, orduan 224 elementu zituena, eta ordutik handituz joan da. Ez da egia sistematikoki legea betetzen ez denik Olloren esanetan. Edozein pertsonak edo kolektibok bere salaketa helarazteko aukera izan dezan ikurrak identifikatzeko eta kentzeko. Ollok "eremu publikoaren demokratizazioa" defendatu du eta gogorarazi du Nafarroa bereziki zigortu zutela 1936ko gerran eta frankismoan, 3.500 lagun baino gehiago hil zituztela 1936ko kolpearen ondorengo lehen hilabeteetan.
Aurrera egiten segitzeko beharra
EH Bilduren eskariz egin du agerraldia Ollok. Indar subiranistako parlamentari Arantza Izurdiagak aurrerapausoak txalotu ditu, baina ohartarazi oraindik lana egiteko dagoela, bereziki hilerrietan. Aldiz, Iñaki Iriarte UPNko parlamentariak uste du eremu publikoaren "demokratizazioak" ez lukeela "eztabaida piztu behar gizarte sano batean", baina gaineratu du ikur frankistak erretiratu daitezkeela "etorkizunari iraganeko arrastoak lapurtzeko basakerian erori gabe".
Inma Juriok, alderdi sozialistako parlamentariak azaldu du "memoria demokratikoari buruzko jardueretan" ez dagoela etenik, eta lan horretan beharrezkotzat jo ditu "elkarlana, enpatia eta proportzionaltasuna". Alabaina, Geroa Baiko Mikel Asiainek esan du indarrean dagoenak izan behar duela "frankismotik geratzen diren arrastoak amaiarazteko" legealdia.