Bi hilabete eman dituzte hezkuntza sindikatuek mahai sektorialaren bilera eskatzen. Ostiralean lortu zuten hezkuntza kontseilariarekin esertzea baina sartu bezala irten ziren bileratik. "Ez dute inongo konpromezurik hartu" salatu du Euskalerria Irratian Steilas sindikatuko Raul Lopezek, "Denbora pasatzen ari da eta datorren ikasturterako onura batzuk aplikatu nahi ditugu". Irakasleen eskariak ez dira berriak, pasa den ikasturtean ere plazaratu zituztelako. "Eros ahalmena berreskuratu nahi dugu, 2010etik %17a galdu dugulako" azaldu du Lopezek, "Ratioak jaitsi behar dira modu linealean, dugun lan zama burokratikoa jeistea eta enpleguaren egonkortasuna, horiek dira gure eskariak eta momentuz ez dugu haiei erantzuteko konpromezurik topatu beste aldean". Steilas sindikatuko arduradunak salatu du exekutiboaren jarrera: "Estatuan aurrekonturik ez dagoela jarri dute aitzaki moduan, baina suhiltzaile edo ta basozainei soldata igotzerako orduan ez da arazo izan, ezta aurretik mediku edo ta foruzainen eskariei men egiteko" azaldu du Raul Lopezek, "Aitzakiz aitzaki dabiltza guri kasurik ez egin eta sasi negoziazio hauek txiklea balira bezala luzatzeko". Mobilizazioak ezinbestekotzat ikusten dituzte sindikatuek egoera honen aurrean, are gehiago maiatzean datorren ikasturtea prestatzen hasi baino lehen. "Mobilizazioetan Gobernua osatzen duten alderdi guztiak interpelatu nahi ditugu, ematen duelako hezkuntza kontseilariak nahi duena egiteko corso patentea duelako".