Idurre Eskisabel: "Euskara egoera berdinzalegoetara bideratzeko hizkuntz politika eraginkorrak behar dira"

Maialen Huarte Arano 2024ko mar. 22a, 10:24

"Euskara gutxiesten du merezimenduen dekretuak. Ingelesak, frantsesak edo alemanak funtzio publikorako sarbiderako, alegia Nafarroako administraziorako zenbait lan deialditan, puntuak ematen dituen bitartean, euskarak bat bera ere ez", salatu du Euskararen Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel.  Nafarroako 60tik gora eragilek Iruñeko San Frantzisko eskolan, arau berriaren "eduki kaltegarrienak salatzeko" batu dira bart.

Datozen asteetan da onartzekoa Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko eta bertako lanpostuak betetzeko merezimenduen balorazioa arautzeko Foru Dekretua. Bost urteko ibilbidea egin du dekretuaren zirriborroak, eta hasieratik aurka izan ditu euskalgintzako eragile guztiak. Horren erakusgarri izan da bart egindako agerraldia ere: eragile sozialak, osasun arloko langileak eta pertsona ezagunak izan dira Kontseiluaren deialdira, eta kritikatu dute merezimenduen dekretuak debekatu eginen duela "ehunka lanpostutan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izatea". Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek argi du asko egiten dela atzera dekretu honekin: "Miguel Sanzen garaietatik ere atzera egiten da merezimenduen dekretu honekin". 

Errealitate soziolinguistikoa eta soziopolitikoa behin eta berriz erabiltzen dituzte dekretu horren aldeko jarrerak hauspotzeko. Hizkuntza berdintasuna lortzetik urrun gelditzen dira baina: "Hizkuntz politikak euskara egoera berdinzaleago batera eramateko balio behar du", esan du Eskisabelek. Oraindik ere garaiz daude atzera egiteko "oraindik ere onartu gabe dagoelako merezimenduen dekretua".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!