GuraSOS plataformak zenbait dokumentu utzi zituen Nafarroako Ingurumen Ikuskaritzaren esku joan den otsailean eta dokumentuei buruzko azalpenak ematera joan da batzordera. Adierazitakoen artean, ondorio nagusi bat nabarmendu du: Nafarroako Gobernuak toxiko gisa sailkatu behar zituen erraustegitik Nafarroara bidali ziren hondakinak, eta, beraz, eragotzi egin behar zuen horiek Artaxoako tratamendu plantara iristea. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ardura da GuraSOS taldearen esanetan errauskailuak ezarritako hondakin kode hori egokia dela egiaztatzea Nafarroako Gobernuak eskumen hori izanen ez balu, ez luke inolako kontrolik izanen hondakinen arloan eta hori ezinezkoa dela iritzi du. "Ezinbestekoa da jaso direnak zehazki zer hondakin diren azaleratzea, bestela, Nafarroako atea irekiko zaio substantzia arriskutsuen garraioari, dokumentu faltsuen bidez", nabarmendu du plataformak.
Hondakin toxikoak konposta eta ongarriak egiteko planta batera bidaltzeak izan ditzakeen arriskuez ohartarazi du GuraSOSeko kideak, substantzia horiek nekazaritza lurretan erabil daitezkeelako, eta kontsumorako elikagaiak kutsa ditzaketelako.