Iruñerriko garbigune mugikorrak lekuz eta ordutegiz aldatuko dituzte gaurtik aurrera

Euskalerria Irratia 2024ko mar. 11a, 08:48

Garbigune mugikorren zenbait kokalekuk arreta emateko egunak eta ordutegiak aldatuko dituzte gaurtik aurrera. Bilketa horretara bideratzen diren baliabideak "optimizatzeko" helburuarekin eginen ditu modifikazio horiek Iruñerriko Mankomunitateak.

Gaurtik aurrera garbigune mugikorren zenbait kokalekuk arreta emateko egunak eta ordutegiak aldatuko dituzte, bilketa horretara bideratzen diren baliabideak optimizatzeko helburuarekin.

Eguna edo txanda (goiza edo arratsaldea) aldatuko duten kokalekuak hauek dira:

  • Azpilagaña, ostiraletik asteartera aldatuko da, eta arratsaldetik goizera.
  • Buztintxuri, astelehenetik asteazkenera aldatuko da.
  • Mendillorri (Etxalatz Jaurerriaren kalea), asteartetik astelehenera aldatuko da.
  • Mutiloa, asteazkenetik asteartera aldatuko da.
  • Artika Berria, asteartetik astelehenera aldatuko da.

Horrez gain, hurrengo astetik aurrera, Mutiloan beste kokaleku bat egongo da (ostiraletan, Mutiloartean, Mercadonako biribilgunean), eta, hala, astearteetan Mutiloa plazan egoten zenari gehituko zaio. Azkenik, Lezkairu eta Erripagañako kokalekuetan, bilketarako bigarren egun bat egongo da. Hartara, guztira 38 kokaleku egotetik 41 egotera igaroko da.

Hurrengo astean kokalekuetan, egunetan eta ordutegietan aplikatzen hasiko diren aldaketen taula osoa hau da: ordutegia.

Etxebizitzetako hondakin berezien bilketa

Jakina denez, etxebizitzetan sortzen diren hondakin bereziak gaika biltzea errazten dute garbiguneek, beren ezaugarriengatik, ingurumenerako arazoa ekar dezaketen hondakinak eta, egokia bada, birziklatu aurretik tratamendu berezia behar dutenak. Hori dela-eta, ez dira inolaz ere edukiontzietara bota behar. Halakoak dira, esate baterako, pintura-produktuak, automobilenak (olioak, bateriak, izotz-kontrakoak), produktu bereziak (fluoreszenteak, frijitzeko olioa, pilak), eta bai etxetresna elektriko txikiak, jostailuak eta arropa ere. 

Garbigune mugikorrak 2005ean hasi ziren lanean, orduan zeuden garbigune finkoen lana osatzeko helburuarekin (Eroski hipermerkatuaren aparkalekuan, 2000. urtean jarria, eta E.Leclerc hipermerkatuaren aparkalekuan, 2005ean kokatua). 2019an, Burlatako garbigune finkoa jarri zen abian.

2023an, garbigune mugikorrek 114.689 bisita izan zituzten (aurreko urtean baino % 5,21 gehiago) eta 145.921 botatze erregistratu zituzten (2022an baino % 1,06 gehiago).

Garbigune mugikorretan astelehenetik aurrera abiaraziko diren aldaketekin, bost bilketa-talde astero Iruñerriko 41 kokaleku desberdinetara lekualdatuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!