Indar Gorriko 61 kide atxilotu ditu Espainiako Polizia Nazionalak

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko mar. 7a, 10:08

Polizia operazioa zabalik da orduotan.

Espainiako Polizia Nazionalak sarekada handia egin zuen bart, Indar Gorri taldearen aurka. Nafarroan 61 pertsona atxilotu zituen. Horietako 20 bart aske utzi zituzten, epailearen aitzinean deklaratu eta gero. Gainontzekoak gaur pasako dira epailearen aurretik. 9:30ean elkarretaratzea eginen dute Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, atxilotuei elkartasuna adierazteko eta errepresioa salatzeko.

61 atxilotuetako 20 bart aske utzi zituzten, epailearen aitzinean deklaratu eta gero. Gainontzekoak gaur pasako dira epailearen aurretik. Betisen eta Osasunaren jarraitzaileen arteko liskarrak ei daude operazioaren sorburuan. Urriaren 26an, bi taldeok Ligako partida jokatu zuten Benito Villamarin futbol zelaian, eta norgehiagokaren aurretik istilu bortitzak izan ziren bi taldeetako zenbait kideren artean. Poliziak dio sarekadan istiluotan parte hartu zuten zaleak atxilotu dituztela. Halaber, Betisen United Family zale taldeko 20 kide atxiki ditu Poliziak, Sevillan eta Madrilen. 

Sarekada heldu da joan den astean Osasunako zuzendaritzak eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak bilera egin eta gero. Azken hilabeteotan, Indar Gorriko hainbat kidek isunak pairatu dituzte Sadarren larrialdietako irteerak oztopatu edota hesira igotzeagatik. Zuzendaritzak bitartekari lanak egin nahi izan zituen, isun horiek ekiditeko. Beste hainbat zelaitan Sadarren egiten dena egiten dute eta ez da isunik izaten.

Indar Gorrik elkarretaratzea egitera deitu du. Goizeko bederatzi eta erdietan eginen dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren aitzinean, atxilotuei elkartasuna adierazi eta errepresioa salatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!