Nafarroako erdialdeko eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari puzka egiteko garaia iritsi da. Errigoran saskiak jakiz osatzeko epea zabalik dago atzotik eta martxoaren 13ra arte 'Eutsi geureari' izeneko kanpainaren bidez. Oraingo kanpaina honetan norberak aukera dezake zein produktu lote eskatu nahi duen. "Urte osorako despentsak betetzeko aukera da. Katalogoa prest dago eta ikusgai errigora.eus webgunean", adierazi du Haizea Lizarbe Errigora ekimeneko kideak. "Lekaleak, olioa, arroza, piperrak edota zainzuriak daude aukeran", esan du. Norberak aukeratu dezake zer izan nahi duen bere jaki-tokian eta saskia modu horretan osatu.
Errigora.eus webgunean ikusgai dago produktu sorta. Bertatik egin daiteke eskaera edo baita telefono bidez ere 848 87 12 23. Astelehenetik ostiralera egin daitezke eskaerak telefono horretara deituta. Pausu horiek emanda norberaren saskia jasotzeko zein banaketa gunetan eginen duzun ere zehaztu behar da. Modu horretan, erdialdeko eta erriberako ekoizleei eta euskarari laguntza emanen diozu: "Errigora balioekin banatzen diren produktu guztiak Nafarroan ekoiztuak izan dira, ekoizle horiek euskararen aldeko apustua egin dute, auzolanaren parte dira eta nekazariekiko harremana egokia da; prezio duinak ordaintzen dira produktuengatik", azaldu du Lizarbek. Euskalgintzari ere ekarpen handia egiten dio Errigorak. Haizea Lizarberi Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkiak klik eginda.