Bardeako tiro poligonoa "desegiteko" exijitu du Zurekin Nafarroak

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 21a, 10:21

Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek esan berri du Bardeako tiro poligonoaren "jarraitutasuna" ziurtatu eginen duela eta hitz horiek gaitzetsi ditu Zurekin Nafarroa taldeak. Mozioa erregistratu du Nafarroako parlamentuan koalizioak "azpiegitura militarra desegin" eta tiro poligonoa "deuseztatu" dezaten eskatuz. Natur Parke batean eta Mundu mailan Biosferaren erreserba den tokian halako ariketak egitea "astakeria" direla eta "zentzugabea".

Mozioa erregistratu du Nafarroako Parlamentuan Zurekin Nafarria koalizioak eskatzeko Bardeako tiro poligonoa "desegitea". Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek joan den urtarrilaren 26ean Diputatuen Kongresuan babestu egin zuen inguru horietan egiten diren ariketa militarrak. Tiro poligonoaren "jarraitutasuna" bermatua dagoela gaineratu zuen Roblesek. Hitz horiek "gaitzetsi" egin ditu Nafarroako koalizioak eta mozio bidez eskaera egin du: tiro poligonoa geldiarazi eta azpiegitura militarra desegitea galdegiten ari da. 

"Nafarroa ezin da izan gerretarako probak egiteko tokia. Sarraskiak, pobrezia, heriotza, hondamendia eta miseriara eramaten dute gerrek Planeta osora", esan du Carlos Guzman Zurekin Nafarroa koalizioko parlamentuko bozeramaleak. Bakearen aldeko apustua egin behar du Nafarroak Zurekin Nafarroaren ustez. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatu diote lan egin dezala Bardeako tiro poligonoaren inguruan dauden herrietako udalekin eta kolaboratu dezala Espainiako Defentsa Ministerioarekin poligonoaren desegitea bideratzeko. "Onartezina litzateke eraikuntza militar horren luzamendua", esan du Guzmanek. 

Ariketa militarrak egunotan Bardean

Astelehenean hasi zituzten ariketa militarrak Bardeako tiro poligonoan. Aurreikusia dute otsailaren 29ra arte luzatzea. Tiro praktikak eta bonbekin zenbait proba egiten ari dira. "Egungo egoera geo-politikoa kontuan hartuta ez lukete lekurik izan behar halako praktikek", nabarmendu du Guzmanek. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!