Pobreziak kalte handia eragiten dio osasunari, adituen arabera

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 21a, 09:45

Pobrezia eta osasunaren arteko harremanak aztertu dituzte adituek.

Harreman oso estua dago, gizarte bazterketa eta pobreziaren eta norberaren osasunaren artean. Hala ohartarazi dute Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareak egindako hitzaldi batean. Gainera,  harreman hori bi norabideetan eman daitekeela ere jakinarazi dute: "Pobre izan eta osasun arazoekin hasi zaitezke, edota, osasun arazoekin hasteak pobreziara eraman zaitzake", esan du Gara Gonzalez Sare horretako kideak.

Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareak 30 urte egiten ditu aurten eta hilean behin hitzaldiak antolatu dituzte gai konkretuei buruzko hausnarketak egiteko. Atzo, osasunaren inguruan solastu ziren. Adituak izan ziren gaiaz hizketan eta ondorio zenbait atera zituzten: pobre izateak osasunari kalte egiten diola, baina kontrako norabidean ere gerta daitekeela eta osasun arazoekin hasteak eraman zaitzakeela pobre izatera. Hartara, baliabideak eta neurriak eskatu dizkiete erakundeei halako egoerak ekiditeko. Osasun arretara sarbidea ere zaildu egiten da pobre izanda: "Bereziki gatazkatsua da gaia etorkinekin ari bagara. Ez dute ziurtatua osasun arreta", esan du Gara Gonzalezek Pobreziaren eta Bazterketa Sozialaren Kontrako Sareko kideak. 

Osasuna eta bazterketa sozialaren arteko harremana "lausotu" behar dela uste du Pobreziaren aurkako sareak. "Irtenbidea eman behar zaio ez bakarrik osasun arazo fisikoei, baizik baita psikologiko zein adikzioei ere", nabarmendu du Gonzalezek. Osasun mentalak arreta berezia behar duela iruditzen zaie: "Inbertsioa behar da eta sistema publikoak profesionalak bideratzea buru osasuneko gaitzak landu ahal izateko", jakinarazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!