Gurelur eta Ekologistak Martxan Tuterako NILSA enpresa publikoak handitu nahi duen lohi tratamendurako plantaren aurka azaldu dira. Ohartarazi dutenez, "hondakin-urak tratatzeko instalazioek ezin dituzte norberaren zaintzarako produktuak eta sendagaien konposatu kimikoak iragazi". "Osagarri kimiko horiek uretara doaz; tratamendu plantak ez baitaude diseinatuta horiek iragazteko”, azaldu du Gurelurrek prentsa-ohar batean.
Hartara, lohiak ingurumenean isuriz gero, ondare naturala kaltetuko lukete, eta ondorioz, pertsonen osasunean eragin larria izan lezake. Bide judizialean aurre egiteko, Ekologistak Martxan eta Gurelur taldeek “bidezko salaketak” aurkeztuko dituzte epaitegietan.
Salaketarekin bat egin du Alejandro Toquero Tuterako alkateak, irmoki gaitzetsi du "Tutera ezin dela Nafarroako lohien zabortegi bihurtu". Alkateak Nilsa enpresaren araztegia handitzeko proiektua berehala geldiaraztea eskatu du.
"Nafarroako Gobernuak aurrera jarraitzen du Tuterako araztegia handitzeko asmoarekin", deitoratu du Toquerok. Nahiz eta, "Natur Ingurunea Babesteko Nafarroako Funtsak argi eta garbi ohartarazi du planta horrek ingurumenean eta pertsonen osasunean izango lituzkeen eragin larriez".
Alkateak azpimarratu duenez, "inbertsioak nahi ditugu unibertsitatean, komunikazioetan, enplegua sortzen duten enpresetan, osasun-etxeetan, eta ez Nafarroa osoko zikinkeria iristen den lantegi batean".