“Eskola jardunaldiaren eztabaidan ez da jantokietako langileon ahotsa entzuten ari”

Haritz Pascual Garjon 2024ko ots. 13a, 12:40

Datorren astean bozkatuko da Nafarroako 152 eskoletan datorren ikasturterako ordutegia. Jantokietako langileak kexu dira beren iritzia ez delako entzuten ari egunotako eztabaidetan. “Jardunaldi jarraituak ehunka lanpostu eta jantokietan egiten den hezkuntza kolokan uzten ditu”, azaldu dute Euskalerria Irratian.

Sektore feminizatua eta prekarizatua da eskola jantokietako langileena. “Egun astean ordu gutxiko kontratuak ditugu eta jardunaldi jarraituak are gehiago murriztuko du gure lana”, azaldu dute Itziar Lukanbiok eta Izaskun Lopez langileeK Euskalerria Irratian. Koronabirusaren garaian, jardunaldi jarraitua ezarri zen eskoletan, beraz, badakite zein den ordutegi honen arriskua beren lanpostuetan. “Jantokien erabilera erdira baino gehiago murriztu egin zen eta kaleratze asko gertatu zen orduan”.

Jantokiak ere hezkuntza esparru direla azaldu dute. “Guk irakasten diegu haur askori jaten, elikagai ezberdinak probatzen, ikaskideekin mahai ongi portatzen...” adierazi dute, “Lan guzti hori desagertuko da jardunaldi jarraituaren ezarpenarekin”.

Kexu dira ekarpen eta iritzi hauek ez direlako kontutan hartzen ari ikastetxeetako eztabaidetan. Horregatik bozkatzera deitutako familiei eskatu diete, “Beren kasu indibidualez harago pentsa dezatela komunitatean, beste ikasleengan eta baita langileengan, jantokietako emakume langileengan”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!