Nafarroako elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren 140 ordezkari eta eragilek Elikadura burujabetzan oinarritutako politikak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Jose Maria Ayerdirekin bildu dira bultzatu duten manifestua aurkeztu eta proposamenen berri emateko; guztira; 60 proposamen eta aldarrikapen bildu dituzte.
Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboaren areagotzearekin nekazaritza sektorean diharduten nekazari txiki eta iraunkorren lana desagertzeko bide kezkagarrian dagoela adierazi dute ekoizleek. "Horretarako, eskala txiki-ertaineko eredu jasangarri, dibertsifikatu eta agroekologiko baterako trantsizioa sustatzea” planteatzen dute sinatzaileek. Tokiko merkaturatze eta kontsumoari lehentasuna emango diona, bidezko prezioak dituena eta eragile bultzatzaileen hitzetan “egun bizi dugun nekazaritza, landa eremu, gizarte, ingurumen eta larrialdi krisiari aurre eginen diona eta bizitza erdigunean jarriko duena”.
Ahotsa.info hedabideak jaso duenez, manifestuan bildutako proposamen zehatzen artean, esaterako, hurrengo neurriak eskatzen dizkiote Nafarroako Gobernuari: ustiategi berririk ez sortzea eta egun daudenak ez handitzea; abeltzaintza ekoizpen intentsiboa pixkanaka murriztea; edota pestiziden, ongarri kimikoen eta antibiotikoen erabilera % 50 murriztea eta pixkanaka ekoizpen ekologikora aldatzea lurraren % 25era iritsi arte.
Nafarroan elikadura burujabetzaren aldeko Manifestuaren sinatzaileen artean daude hala nola, Belardi, Habelarte, Plazara!, Etxalde, Bizilur Nafarroa, Hazialdeko edo Ekoaldeko ELA edo LAB sindikatuak, Landare kontsumitzaile elkartea, ingurumen erakundeak, erakunde ekologistak edota hainbat udal eta kontzeju.