Nafarroako ekonomia soziala Barne Produktu Gordinaren %10 izatera iritsi da

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 7a, 12:41

Gizarte ekonomiari begira jarrita 2023ak datu "esanguratsuak" utzi ditu Nafarroan: erkidegoaren Barne Produktu Gordinaren %10 dira eta sortu diren berrien artean gehienak kooperatiba txiki moduan izan dira. 96 kooperatiba sozial berri eta 220 lanposturen sorrera. Enplegua gainera "kalitatezkoa" dela nabarmendu du ANEL, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak taldeko presidente Ignacio Ugaldek.

Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresak, ANELek 2023ko balantzea egin du gaur: "Datu esanguratsuak utzi ditu 2023 urteak gurean, 96 kooperatiba berri sortu eta 220 lanpostu eragin dituelako", azaldu du Ignacio Ugalde presidenteak. Leku gero eta handiagoa hartzen ari da ekonomia soziala: "Nafarroaren Barne Produktu Gordinaren %10 da gizarte ekonomiak eragiten duena gurean", nabarmendu du. 

Mota askotariko kooperatiba txikiak

Sortu diren mikro-kooperatiba horietako batzuen berri izan du Euskalerria Irratiak. Hiru adibide dira, bakoitza bere nolakotasunarekin. Batetik, Tessa izeneko Ongizate eta edertasun zentroa zabaldu zuen Teresa Noriegak. Iruñera bizitzera etorri zenean, haren seme-alabak norekin utzi ez zituenez beste lanpostu batean aritzea zail egiten zitzaion eta aukera honek eman zion aurrera egiteko bidea: "Askatasuna ematen digu ordutegiekin moldatu ahal izateko. Horretara ohitu gara eta gure bizitza egokitu ahal izan dugu", esan du Noriegak.

Bestetik, Tuteran dute egoitza Seosve izeneko marketing digitaleko profesionalek. Autonomoz aritu ondoren 15 urtez, mikro-kooperatibarekin hastea erabaki dute. Euren zeregina profesionalizatzea eta handitzea lortzen ari dira horrela. Eta, sektore horretan ohiko enpresek duten nolakotasunetik aldentzea. "Marketing enpresa askotan gertatzen dena da oso azpiegitura bertikala dutela, nagusi bat eta gainerako langileak ia bekadunak. Hori ekidin nahi izan dugu eta sektorea profesionalizatzea bilatzen ari gara", azaldu du Noe Rivas Seosve enpresako kideetako batek. 

Azkenik, Klip at Estudio-ko Ander eta Aitor Lanasek film eta serietako making off-a profesionalizatzea dute helburu: "Ikus-entzunezko eskaintza oso bat eskaintzen dugu eta making off-etan espezializatu gara", adierazi dute. 

Aurrera egiten segitzeko bidea

Ekonomia sozialak etorkizuna ere badu. 2026an Europa mailako ekonomia sozialeko negozioetarako eskola sortuko dute Nafarroan Gobernuak eta ANELek elkarlanean.1982an sortu zen ANEL. Ekonomia sozialeko enpresak barnebiltzen ditu, lan sozietateak eta kooperatibak batez ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!