Iker Bengotxea: "Denon esku dago euskarazko eskaintza gehiago izatea ikuskizunetan"

Maialen Huarte Arano 2024ko ots. 2a, 11:38

Nafarroan pandemia aurretik zuten joera berreskuratu dute antzokiek ikusle kopuruari dagokionez: 124.000 lagun izan ziren Nafarroako Antzoki Sareko 34 guneetakoren batean. Guztira bi milioi euro baino gehiago inbertitu ziren iaz programazio horiek aurrera ateratzeko. "Goranzko joera hartu du, baina udaberrian eguraldi eguzkitsuarekin kosta egiten zaio jendeari", esan du Iker Bengotxea Sendaberri zikloko kudeatzaileak. Euskalerria Irratian elkarrizketa egin diote eta gaineratu du euskarazko eskaintza "oparoagoa" izateko denon artean egin behar dela bultza. 

124.000 lagun izan ziren iaz Nafarroako Antzoki Sareetako 34 guneetakoren batean ikuskizunen batez gozatzen. Horretarako bi milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da antzerki eta bestelako ekitaldiak programatzeko. Pandemia iritsi aurreko datuak "hobetu" dira ikusle kopuruari dagokionez: Inoiz baino gehiago izan dira. "Antzokietara hurbiltzen da jendea bai, baina udaberri aldean jaitsiera nabarmena dela nabaritzen dugu. Eguraldi eguzkitsuarekin jendea ez da horrenbeste animatzen", esan du Iker Bengotxea Sendaberri zikloko kudeatzaileak. Nafarroan barrena daude antzokiak, ez bakarrik Iruñean edo Iruñerrian: "Sarearen erroa da hori",  Bengotxearen ustez: "Deszentralizazioa eta lurraldetasunarena gure identitate dira. 34 gune, 11 Iruñerrian baina besteak Erriberan, Lizarraldean, Sakanan, Pirinioan, Agoitzen eta Zangotzan".

Ikuskizunez gain liburutegiak eta bestelako kultur arloak ere programatzen dituzte horietan. Hizkuntzari dagokionez desoreka nabarmena dago datuetan: 800 ikuskizunetatik 179 izan ziren euskaraz, %18 alegia. "Euskarazko 179 ikuskizun daudela esanen nuke nik. Baina kontuan hartu behar da zenbait dantza ekitaldiak edota musikalak direla", azaldu du Bengotxeak. Euskarazko eskaintza oparoagoa izan dadin "denon bultzada" beharrezkoa dela iruditzen zaio. Iker Bengotxeari Euskalerri Irratian egindako elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!