Hildako bat eta zauritu bat bi kamioiren arteko talkaren ondorioz, Cadreitan

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 17a, 12:25

Errepide istripua, Cadreitan. IRUDIA: Foruzaingoa.

Kamioietako bat gidatzen zuen 59 urteko gidaria hil da eta beste kamioiaren gidaria larri zaurituta dago. N-121 errepidetik kontrako norabideetan zihoazela, Cadreita udalerrian, aurrez aurre egin dute talka bi kamioiek.

Istripua N-121 errepidean izan da , 70,3. kilometroan, Cadreitako udalerrian, zisterna-kamioi batek eta garabi-kamioi batek aurrez aurre talka egin ondoren. Hirugarren kamioi batek kalte materialak jasan ditu talkaren ondorioz.

Garabi-kamioia gidatzen zuen 59 urteko gizonezkoa da hildakoa; larrialdietako zerbitzuek ezin izan dute ezer egin haren bizitza salbatzeko, eta bertan hil da. Beste kamioiaren gidaria, zisterna-kamioiarena, larri zauriturik dago eta Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute helikoptero medikalizatuan.

Larrialdi zerbitzuak goizeko 08:25ean jaso du istripuaren berri eta geroztik, errepidea itxita geratu da Caparroso eta Los Abetos artean, zehazki, 57. eta 73. kilometroaren artean.

LAB sindikatuak salatu duenez, dagoeneko lau langile hil dira urtarrilaren 10etik 17ra Nafarroa Garaian. Era berean, aurten errepidean gertatutako ezbeharren ondorioz hildako bigarren pertsona izan da hauxe. Aste bakarrean bi pertsona zendu dira bai lan istripuan bai errepidean ere. Izan ere, aste honetan langile bat zendu da lanean ari zela Arriben eta beste pertsona bat hil da Funesen, auto istripuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!