BSHko Eskirotzeko lantokia berriz ere lan erregulazio espedientearen mehatxupean

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 17a, 07:23
Etxetresna elektrikoak egiten dituzte BSH enpresan.

Produkzio lana gutxitu egin zaielako BSH enpresako zuzendaritzak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea ezarri nahi die langileei urtarrilaren 25etik aurrera. Enpresa batzordeak ez du halakorik onartzen eta lantokiari lan zama handiagoa ezartzeko eskatzen ari zaio. Duela sei hilabete sinatutako lan hitzarmenean zuzendaritzak ardura hartu zuen Eskirotzeko lantokiari etorkizuna ziurtatzeko eta langileek horixe exijitzen diote orain. Etxetresna elektrikoak egiten dituzte BSHn.

Nafarroako BSH lantokiko enpresa batzordeak uko egin dio zuzendaritzak aurkeztutako Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedienteari. Eskirotzeko lantokirako produkzioa handitzeko eskaera egin du enpresa batzordeak. Gogoan izan dute iaz 37 eguneko lan erregulazio espedientea izan zutela eta hartara sindikatuek uste dute lan zama txikitzeko dinamika baten barnean daudela.

Espainiako BSHko zuzendaritzari galdegin diote Nafarroako lantokira ekar dezala produkzioa, egin dezala bideragarri lantokia eta hala, etorkizuna. Enpresa zuzendaritzak jakinarazi du asmoa duela arlo sozialarekin kontsulta epea zabaltzeko, lan erregulazio horren baldintzak adosteko. Izan ere, urtarrilaren 25ean jarri nahiko luke abian Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea.

Duela sei hilabete ados jartzea lortu zuten enpresa zuzendaritzak eta enpresa batzordeak hitzarmena erdiesteko. Bertan jasoa dago, zuzendaritzak ardura hartuko zuela Eskirotzeko lantokiari egonkortasuna emateko. Egun bizi duten egoera iraultzeko Nafarroako Gobernua ere itaundu du enpresa batzordeak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!