Urte beteko espetxe zigorra, adimen artifizialaz institutuko bi ikaskide biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik

Juan Kruz Lakasta Zubero 2024ko urt. 17a, 07:18

Iruñerriko 18 urteko mutil bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, adimen artifiziala erabiliz institutuko bi ikaskide, bi neska, biluzik irudikatzen zituzten irudiak sortu eta zabaltzeagatik.

Auzipetuak berak egin dioten epaiketa azkarrean aitortu duenez, bi ikaskideen hainbat argazki hartu zituen haien sare sozialetatik, eta adimen artifizialeko aplikazioak baliatuz biok biluzik irudikatzea lortu zuen.

Auzia ikertu duen Foru Poliziaren arabera, irudiok kalitate handikoak ziren, eta biktimak eta haien inguru gertuko pertsonak soilik jabe zitezkeen faltsuak zirela.

Biktimetako batek sare sozialen bitartez irudiok jaso zituen, mezu iraingarriekin eta umiliagarriekin batera.

Eta salaketa aurkeztu zuen Foruzaingoaren aitzinean.

Ikerketa abiatu zutelarik, foru poliziek beste biktimaren irudiak aurkitu zituzten. Eta hark ere salaketa aurkeztu zuen.

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegia auziaz arduratu da, eta epaiketa azkarra egin du.

Osotasun moralaren aurkako derrigortze edo koakzio delitua egotzita ezarri dio auzipetuari urtebeteko espetxe zigorra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!