Elizak haren izenean erregistratutako higiezinak ikertuko ditu Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2024ko urt. 12a, 08:35

Elizondoko Santa Engrazia baseliza, inbentarioan jasoa.

Ondasunak identifikatzeko prozesua hasiko du aurten, eta, horren ostean, erreklamazio eta berreskuratze prozesua. Udalerriei laguntza eta babesa eskaintzeko bulego bat sortuko dute.

Elizak bere izenean erregistratuako 3.000 ondasun ingururen jatorria ikertu nahi du Foru Gobernuak eta identifikatu ostean, erreklamazio-prozesua hasiko du. Joan den legegintzaldian, Nafarroako Gobernuak Elizak immatrikulatutako ondasun guztien inbentarioa egin zuen. Guztira, 2.952 ondasunen zerrenda aurkeztu zuen, ermita, etxe, eraikin, baratze, orube, lokal eta beste ondasun batzuen artean.

2024rako aurrekontuen aurreproiektuan, Jose Maria Aierdi, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak adierazi duenez, EH Bilduk proposatutako zuzenketa bat dago, ikerketan aurrera egiteko kanpoko laguntza tekniko bat formalizatu ahal izatea, eta identifikatze zein berreskuratze prozesua "aurrekontua onartu eta berehala" hasiko dutela ziurtatu du.

Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilari Amparo López Antelok adierazi duenez, “gaiaren konplexutasuna eta tokiko erakundeei laguntzeko beharra dela eta” gobernuaren babesa eta espresuki sortutako bulegoaren laguntza jasoko dute udalerriek ondasun horiek berreskuratzeko, borondate argia adierazten badute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!