Kaleratzeak eta Lan Erregulazio Espedientearen aukera jarri ditu mahai gainean Principe de Viana enpresak

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 11a, 10:27

Principe de Viana upategietako sarrera.

Principe de Viana enpresak kaleratzeak egin nahi ditu 90 langileen artean. Atzo enpresa batzordearekin izandako bileran ez zien jakinarazi noiz izanen diren kaleratzeak ez eta zenbat izanen diren ere. Lan Erregulazio Espedientea ezartzeko aukera ere badela ohartarazi zien eta ez duela asmorik 2021etik KPIaren araberako soldata igoera ezartzeko. Sindikatuak kritiko azaldu dira zuzendaritzaren jarrerarekin eta proposamen horiek justifikatuko duen dokumentu gehiago galdegin diote. Heldu den asteazkenean izanen dute hurrengo batzarra. 

90 behargin ari dira Principe de Viana upategietan lanean. Enpresa zuzendaritzarekin batzartzen ari dira hilabete honetan langileen kaleratzeak etor daitezkeela iragarri ondoren. Ez diete zehaztu zenbat kaleratze izan daitezkeen ez eta noiz eginen dituen, baina etor daitezkeela uste dute enpresa batzordeko sindikatuek (UGT, CCOO eta ELA). Horrez gain, Lan Erregulazio Espedientea ezartzeko aukeraz ere mintzatu ziren atzoko bileran. 2021ean enpresak izandako diru galeren aitzakiarekin egin nahi ditu mugimendu horiek enpresak: kaleratzeak batetik eta lan erregulazio espedientea ezartzea, bestetik. 2021etik KPIaren araberako soldata igoerarik ere ez du egin eta asmorik ere ez du erakutsi. ELA sindikatuak jakinarazi duenez horrek %12ko galera eraginen lieke langileei. Hilaren 17an dute hurrengo bilera. Sindikatuek informazio eta dokumentazio gehiago galdegin diote enpresa zuzendaritzari. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!