Iera Agirre (Pilotaria): "Ikusgarritasunak eginen gaitu erreferente etorkizuneko neska pilotarien artean"

Maialen Huarte Arano 2024ko urt. 11a, 09:06

Emakumeak ere aritzen dira esku pilotan eta horretarako lan handia egiten ari da Ados pilota elkartea. 2016an are indar handiagoarekin formazioa eta profesionaltasuna eskaintzen die pilotariei. Elkarteko kideak atzo Nafarroako Parlamentuan izan ziren euren berri ematen eta finantzazioa behar zutela adierazten. Iera Agirrek esan zuen ikusgarritasuna lortzea ere garrantzitsua dela emakume gazteek izan ditzaten erreferenteak. 

Ados lehen elkarte eta bakarra da emakume pilotari profesionalak biltzen dituena. Pilota eskola ere bada. Etorkizunera begirako eskola, gainera. "Bi adar nagusi jorratzen ditugu: formazioaren atala eta profesionallarena", azaldu du Iera Agirre elkarteko kideak. Sunbila, Latasa eta Zerainen 35 pilotari ari dira formazio hori jasotzen. 6-16 urte bitarteko neskak entrenatzen dituzte. Txapelketetan parte hartzen dute eta Nafarroako Federazioarekin ere lanean ari dira. Bigarren atala, pilotari profesionalena da. Hamahiru pilotariz osatua: zazpi nafar tartean. "Prestakuntza, teknifikazioa eta lehiaketak bermatzen dizkiegu. 13 pilotari profesional, lan kontratuekin ari dira. Mugagabea dute lan kontratu hori", esan du Agirrek. 

Kiroletik bizitzea eta profesionalak izatea ez da gauza bera. Argi du hori Agirrek: "Lan kontratuekin ari dira, baina ez du esan nahi horrekin nahikoa dutenik bizi ahal izateko. Beste lan batekin konpatibilizatzen dute".  Emakumeei pilota afizio izatetik ofizio izatera pasatzeko aukera Ados Elkarteari esker izan dela uste du Agirrek.

120 partidutik gora antolatzen dituzte. Binakako Txapelketa izaten da luzeena. 58 partidu dira. Udaberri torneoa eta Sanfermin torneoa Peñekin batera prestatzen dutena ere badaude. Udan, jaialdiez gain, plazaz plaza txapelketan aritzen dira. Ikusgarritasuna ezinbestekoa da emakume pilotariena: "Gure atzetik datozen neskek beharrezkoak dituzte gu bezalako erreferenteak. Ikusi behar dute posible dela emakume izan eta pilotan aritzea", iruditzen zaio Agirreri. Elkarkidetza, konpromisoa, ahalegina eta motibazioarekin ari dira Ados pilota elkartean dena aurrera ateratzen.

Finantzazioa eskatu dute

Nafarroako Parlamentuan izan dira Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre Ados elkarteko kideak. Euren zereginaren berri eman diete politikariei eta horrez gain finantzazioaren beharra ere adierazi diete: "Aurrera egin ahal izateko babes ekonomikoa ezinbestekoa da", jakinarazi diete. Laguntza behar dute Ados pilota elkatekoek: diru laguntzak, promozioa, hedabideetan tokia, aukera berdintasuna, kalitatezko instalazioak, baliabideak…. Parlamentuan denak izan dira esker onak eta babesteko esku luzapenak ere alderdi politiko guztien artean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!