"Doakoa bai izanen da familientzat 0-3 zikloa haur eskoletan, baina ez da kapaz izanen oraindik unibertsala izateko", hala esan du Eider Garde 0-3 Plataformako kide eta hezitzaileak. Familiek ez dute ordaindu beharko hezkuntza ziklo horretarako, baina Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak egin berri duen iragarpenean ez da ziurtatzen unibertsala izanen denik etapa hori Garderen ustez: "Guk bereizketa egiten dugu. Doakoak izanen dira plaza guztiak bai, baina ez dira nahikoak izanen eskaera guztiak bete ahal izateko", esan du. Arreta beste puntu batean ere jarri du Euskalerria Irratian egin dioten elkarrizketan: "Hezkuntza kalitateari ez diote begiratu; ez dute aintzat hartu bete egin daitezkeela haur eskoletako plaza guztiak doakotasunarekin eta horrek zein eragina izanen duen haurrengan", jakinarazi du. Zikloa duintzeko eta kalitatea bermatzeko oraindik ere beharrak asetzea ezinbestekoa dela iritzi du Gardek: "Ratioen jaitsiera eskatzen segitzen dugu duela bi urte egindako greban egin bezala".
Arrisku gehiago eta huts batzuk ere igorri dizkio Gardek Gimenoren iragarpenari: "Duela hiru urte egitera ausartu ez zirena eginen dute orain agian". Bi urteko gelak sortzeko aukeraz ari da 0-3 Plataformako kidea. Bi urteko gela horiek ez dute haur eskolek eskaintzen dieten arreta ematen haur horiei bere ustez. "0-3 zikloak pedagogia oso bat eskaintzen du etapa horrentzako. Ezin du gauza bera eskaini bi urtetik sei urterako tarteak", dio.
Elkarrizketa osorik entzun dezakezu argazkian klik eginda.