A30 Greba feminista orokorra

Zainketen aldeko Ituna sinatuko dute Sakanan

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 19a, 08:11

Nafarroako Berdintasun Institutuak sustatutako Ituna lurralde osorako proposamena da. Sakanako Mankomunitateak gaur sinatuko du. Zainketak politika publikoen erdigunean jarri eta gizartea eta erakundeak haien inguruan konprometitzeko proposamenak eta irtenbideak diseinatu eta antolatzeko hitzarmena da. Oihana Gallo Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Teknikariak uste du aurrera pausoa izanen dela bizitzak erdigunean jartzen hasteko. 

"Zainketen aldeko itunak, berez, koordinatuta planifikatzeko eta esku hartzeko tresna bat dira. Zehazki, akordio multzo bat dira. Haien bidez ekintza zehatzak eta neurgarriak garatuko dira, zainketak ikustarazteko, ezagutzeko, partekatzeko eta berrantolatzeko", hala azaldu du Euskalerria Irratian Oihana Gallo Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Teknikariak. Toki administrazioek sustatzen dituzte Itun horiek eta bertako toki erakundeetako hainbat entitate eta erakunde publiko eta pribaturen laguntzaz eta horiekin koordinatuta aritzen dira. "Herritarrek ere parte hartzen dute, eta badute zer esana. Jendartearekiko koordinazioa eta elkarrizketa handitzea bilatzen du itunak. Izan ere, hori funtsezkoa baita bizitzaren jasangarritasunaren ikuspegitik, egiazkoa eta eraginkorra den berdintasun lortzeko", azaldu du Gallok. 

Zainketari buruzko politika publikoak eraikitzeko, zainketa eta emakumeendako ekitate politikak ezartzeko gobernu administrazioaren ahalegin instituzionala beharrezkoa den arren, prozesua ez da burutuko herritarren eskutik egiten ez bada, esan du. "Jendarteko hainbat eragileren arteko, genero eta belaunaldien arteko erantzunkidetasun eta elkarrenganako eta elkarrekiko konpromiso batetik bideratu behar da", uste du. Horregatik, Sakanako erakunde, elkarte zein eragile guztiei ituna sinatzeko gonbidapena egin die Gallok.

Entzun Euskalerria Irratian Oihana Gallori egindako elkarrizketa argazkian klik eginda.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!