Abenduaren 24an greba deitu dute ELA eta LABek ehungintza eta zapata merkataritzan

Maialen Huarte Arano 2023ko abe. 18a, 10:50

Nafarroako ehungintza eta zapata merkataritza hitzarmena negoziatzeko eskatzen ari zaio Nafarroako Enpresarien Elkarteari. 2009tik hitzarmenik gabe daude eta Espainiakoa ezarri nahi zaie. Horrek lan baldintzak "prekarizatu" eginen dizkiela uste dute bi sindikatuek. Hori hala, abenduaren 23an lanuzte partzialak eta mobilizazioak eginen dituzte eta 24an grebarako deia egin dute. Bi sindikatuek dute ordezkaritzaren erdia baino gehiago sektore horretan. 

Ehungintza eta zapata merkataritza sektoreko hitzarmena "eguneratzea eta hobetzea" ezinbestekoa da Nafarroan sektorean lanean ari diren ia 2.500 langileen lan baldintzak duintzeko, hala esan dute ELA eta LAB sindikatuko sektoreko arduradunek. Are, eguberri hauetan izanen duten gain zama kontuan hartuta eta aintzat hartuta jai egunetan ere iragarria dutela eremu handiko saltokien irekiera lan baldintzak duinduko dituen bertatik-bertarako lan hitzarmena negoziatu nahi dute Nafarroako Enpresarien Elkartearekin. ELAk eta LABek dute sektorean ordezkari sindikalen erdia baino gehiago eta greba eguna deitu dute gabon gau egunerako: "Greba egitera deitzen ditugu langileak euren lan baldintzak hemen negoziatu eta hitzarmena Nafarroa mailakoa izan dadin eskatzeko", azaldu du LAB sindikatuko kide Irune Costak. 

Abenduraren 24aren bezperan gainera "berotuko dute giroa": abenduaren 23an lanuzte partzialak iragarri dituzte (goizez 12:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 18:00etatik 20:00etara)  eta kalera aterako dira protesta egitera. 24an, greba egunarekin batera, kalejira eginen dute eguerdiko 12:00etan Merindadeetatik irten eta Entzierroko Monumentura arte.

Nafarroako hitzarmena negoziatzeko eser daitezela eskatzen ari dira. Ez daude prest Espainiako hitzarmenaren bidez ezartzeko euren lan ituna. Enpresen borondaterik eza eta enpresa handien interesak lehenesteko jarrera salatu dituzte: "Enpresariei eta saltoki handietako enpresaburuei komeni zaie Espainaiko hitzarmenarekin aski izatea askoz ere malguagoa delako", kritikatu dute. Nafarroako hitzarmenik gabe prekarietatea arau izanen dela nabarmendu du Olaia Alonso ELA sindikatuko ehungintza eta zapata merkataritza sektoreko eledunak. Abenduko bi mobilizazio egun hauetaz gainera gerora ere mobilizazio gehiago eginen dituztela jakinarazi dute: urtarrileko lehen egunetan errege-kanpainarekin batera eta merkealdialdiaren hasierarekin batera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!