Lizarrako ospitalean erditzerik ez da atendituko gaurtik aurrera. Profesional faltaren ondorioz hartu behar izan dute erabakia Osasun Kontseilari Fernando Dominguezen esanetan. Hemendik aurrera Iruñeko Unibertsitate Ospitalean eta Tuterako Reina Sofia Ospitalean egingo dituzte Lizarraldean haurdun diren emakumeen erditzeak. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Lizarrako Garcia Orkoien erietxean, Ginekologia eta Obstetrizia unitateetako zortzi medikutatik bost falta dira, eta "behin-behinean" ezingo da erditzerik egin bertan.
Osasun Departamentuak ez du oraindik argitu noiz itzuliko diren normaltasunera. Egoera "ahalik eta azkarren" zuzentzea espero dute. Izan ere, abenduan 25 erditze aurreikusiak zituzten Lizarrako ospitale horretan. Gaur dute bilera osasun departamentuan egoerari ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko. Antolaketa beste modu batera eginez eta erietxea baliabidez hornituz ekidin zitekeen egoera EH Bidluko zinegotzi Mikel Kolomoren ustez.
Gaurtik aurrera, erditu behar diren emakumeak Iruñera bideratuko dituzte, eta Erriberatik gertuago diren eremuetan, Tuterara. Berez, Garcia Orkoien ospitaleak Lizarraldeko herritarrak artatzen ditu: Ameskoa-Antzin, Lizarra, Los Arcos, Lodosa, Allo, Villatuerta, Viana eta Villatuerta osasun barrutietako pazienteak, alegia. Erabakia gustukoa izan ez arren, Dominguezen arabera, pazienteen "segurtasuna eta artatze kalitatea" dira lehentasuna.
Alderdi erregionalistaren kexa
UPNk, ohar bidez, haserrea agertu du erabakiaren inguruan, eta Osasun Departamentuaren noraeza gaitzetsi du. Alderdi horren arabera, Lizarrako erietxean "aspalditik" dituzte azaroak Ginekologia arloko giza baliabideen kudeaketarekin lotuta, eta gobernuak "ez du ezer egin". 2018tik zerbitzuak "okerrera" egin duela nabarmendu du.
Protesta osasun arretaren defentsan
Nafarroako Osasun Plataformak ere oharra kaleratu du. Hasteko, babesa emanen dio gaurko iragarria dagoen manifestazioari: 11etan egin dute Lizarran. Erditzeak artatzeko baliabideak eskatu dituzte eta Osasunbideari eskatu diote egoerari irtenbidea emateko eta baliabidez betetzeko Lizarraldeko erietxea. Osasuna gure eskubidea da eta defendatu egin behar da, zioen pankartak. Uste du Plataformak ginekologia zerbitzuak izan diren profesionalen bajak aurreikusi zitezkeela eta besteen luzapena ere bai. Horregatik, aurreikuspen falta eta kudeaketa okerra sumatzen dute erabakiaren aurrean. Kexu dira era berean, informazioa komunikabideetatik jaso dutelako herritarrek, sindikatuek eta entitate sozialek. Komunikazio zuzena ere exijitu du Osasun Plataformak.
Entzun argazkian klik eginda Mikel Kolomori Euskalerria Irratian egindako elkarrizketa.