Florence Nightingale, erizaintza profesionalaren aitzindaria

Miren Mindegia 2023ko aza. 28a, 18:29

Bakarne Atxukarrok #Gizalaba berri baten berri eman digu: Florence Nightingale, osasungintzan estatistika datuak erabili zituen lehenengo erizaina

Duela gutxi Clara Grima matematikaria ezagutu nuen. Beldurrez nenbilen, matematikak ez baititut batere gustuko. Baian oker nenbilen. Haren adierazteko erraztasuna errazten du ondokoak ondo ulertzea. Oso dibertigarria da. Oso sinpatika. Hari esker matematikaren beste aurpegi bat ikusi eta ikasi nuen. 

Horien artean Florence Nightingaleren bizipena ezagutu nuen. Erizaina zen, baina lanbide horretan estadistika erabili izan zuen lehendabiziko emakumea ere.

Florence Nightingale 1820ko maiatzaren 12an jaio zen Florentzian, familia aberats batean.

Hezkuntza anglikanoa jaso zuen, eta 17 urterekin dei jainkotiar bat izan zuenez, behartsuenei laguntzeko erizain bihurtzea erabaki zuen.

Haren familiak aurka egin zion. Kontuan hartu behar dugu garai hartan  erizain – edo zaintzaile – lanbideak ez zuela zerikusirik Florence bezalako gazte jantzi batekin. Berak ezkondu behar zuen, eta hamaika bidaia egin.

Bai, urte horietan oso ohikoa zen goi mailako gizarteko emakumeek bidaiatzeko aukera izatea, kultura handia eskuratzeko. Eta Florencek halaxe egin zuen.

Bidaia horiek oinarritzat hartu zituen azterketa bat egiteko, bidaia bakoitzean bisitatzen baitzituen osasun-zentroak, ikusteko haien funtzionamendua, gabeziak, eta indarrak.

Eta 33 urterekin zeukan helburuari eutsi zion gogor, eta erizain bihurtu zen. Horren ostean, Emakume Gaixoak Zaintzeko Institutuko zuzendari kargua hartu zuen Londresen.

Erakunde horretan etxerik gabeko emakumeak bizi ziren. Behin zuzendaria izanda, zenbait hobekuntza egin zituen, hala nola geletan ur beroa jarri edo igogailu bat jarri.

Gainera, eriondo-etxeak aurkitu zituen, ospitaletik ateratzen ziren emakumeei lana bilatzeko.

Aldi berean, Krimeako gerra piztu zen. Desastre hutsa. Gerra beti gerra, heriotza eragiten zuen, bai frontean, bai handik kanpo. Britaniar armadak ez zuen mediku, sendagai eta erizain nahikorik; horregatik,  gatazkaren lehen asteetan, ehun hildakotik laurogei osasun-tratamendu eskasen biktima izan ziren.

Florence eta berak hezitako 38 erizain boluntarioz osatutako talde bat abiatu ziren Krimeara. Egoera tamalgarri bat aurkitu zuten; zauritutako soldaduek tratamendu desegokiak jasotzen zituzten, hornidura medikoa urria zen, higienea, penagarria eta infekzioak ugariak. Ez zegoen ekipamendu egokirik pazienteen elikagaiak prozesatzeko, eta, gainera, janaria ez zen nahikoa. Baina, okerrena, egoera horren aurrean armadako buruzagien axolagabekeria zen. 

Florencek Krimean egin zuen lehen udan, hamar aldiz soldadu gehiago hil ziren tifusa, sukar tifoidea, kolera eta disenteria bezalako gaixotasunengatik gudu zelaian izandako zauriengatik baino.


Hori ikusita, zabortegi kutsagarriak garbitzeko agindu zuen Florencek, eta ospitaleko aireztapena hobetu zuen.

 

Neurri eraginkorrak izan ziren haiek.

Baina horrekin ez zen konformatu. Estuki behatu zituen ondorioak. 

Gauero ibiltzen zen kanpainako ospitalean zehar, gaixoak nola zeuden  ikusteko, kriseilua eskuan; izan ere, "kriseiluaren dama" esaten zioten. 

Paseo horietan  apuntatzen hasi zen hartutako higiene-neurriak, gaixotasunetan horien eragina, gaixo bakoitza non zegoen kokatuta ikusteko, ea leku batzuetan gaixo gehiago zeuden beste batzuetan baino eta zergatik, etab.

Bildutako datuekin estatistikak egiten  zituen, eta datu horien arabera hartzen zituen erabakiak.

Bere ikerketek gaixoen baldintzak hobetzea ahalbidetu zuten, eta horri esker heriotza-indizeak behera egin zuen. Horregatik jotzen da erizaintza profesional garaikidearen aitzindaritzat.

Gerra amaituta zegoela, Florencek Victoria erreginarengana jo zuen ospitaleetan erreforma higieniko zorrotzak martxan jartzeko beharra zegoela ohartarazteko. Erreginak onartu egin zuen haren proposamena.

Horren ostean, Florencek Krimean egindako egonaldian hartutako ohar zehatzek prebentzio-neurriak sustatzen lagundu zuten, eta erreforma eraginkorrak egin ziren Britainia Handiko osasun-sisteman.

Florencek estatistikaren alorrari egindako ekarpenari esker, 1858an Royal Statistical Societyko kide izendatu zuten, eta kargu hori lortu zuen lehen emakumea izan zen.

Florencek eragin erabakigarria izan zuen Gurutze Gorri Britainiarraren sorreran 1870ean, eta bere Damen Batzordeko kide izan zen, hil zen arte.

Bere azken urteetan, Florence Indiako landa-eremuetako osasun-baldintzei buruzko txosten estatistiko zehatza egin zuen, eta herrialde horretako arreta medikoan eta osasun publikoko zerbitzuan hobekuntzak sartzea  erdietsi/lortu zuen.

1883an, Victoria erreginak Errege Gurutze Gorria eman zion, eta 1907an, Eduardo VII.a erregeak Merezimenduaren Ordena eman zion, emakume bati eman zitzaion lehena .

1908an, Londres Hiriko Giltzak eman zizkioten.

Eta 1910ean lo zegoela hil zen.

Baina utzitako ondarea sakona da. Adibidez, maiatzaren 12an, bere jaiotzaren urteurrenean, Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero.

Gainera, erizain orok Florence Nightingaleren Zina egiten du karrera amaitzean, 1893an sortua. Zin horrekin, erizainek konpromisoa hartzen dute «inolako kalterik ez eragiteko».

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!