“Greba feminista orokorra bera deitzea iraultzailea da”, azpimarratu du mugimendu feministak. Emakumeak zein gizonak deituta daude azaroaren 30eko deialdira, zaintza krisiak mundu guztiari eragiten baitio. Zaintza kolektibizatzearen eta zaintza sistema publikoaren aldeko greba da. “Pertsona guztiok ditugu zaintza beharrak, eta egun, zaintza duinerako eskubidea ez dugu bermatua, beraz guztion intereserako greba da”, azaldu du Paula Garcia mugimenduko kideak. Eta hala aldarrikatuko dute “zaintzarako eskubide kolektiboaren alde” lelopean.
“Emakumeok planto egiten dugunean, errebelatzen ari gara, eta, hori jada, gizonek dagokien ardura hartzeko interpelatzeko modua ere bada”, azpimarratu dute. “Zaintza krisiari agenda politiko-instituzionaletan, sozialetan eta sindikalean dagokion tokia” eman behar zaiola adierazi dute, “zaintza-lanak ezinbestekoak” direlako bizitzari eusteko. Hala ere, lan horiek beti egon dira ezkutuan, “gure etxeen ikusezin, eta batez ere, emakumeei egokitu zaizkie”.
Grebaren beste oinarrietako bat zerbitzua publiko bilakatzea da. Izan ere, Hego Euskal Herrian, egoitzen %10 bakarrik kudeatzen da modu publikoan; “ez dugu zaintza-sistema publikorik”, eta enpresek “pertsonen interesen gainetik jartzen dute beren onura”.
Gehiengo sindikalak bat egin du greba deialdiarekin. Hala, hainbat sindikatuk –ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, ETXALDE eta CGT– Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera greba orokorra egingo dute ostegunean. Zaintzaren esparrua produkzio-eremutik haratago doa eta hain zuzen ere, horrek eraginda, emakume asko ezin izango dira kalera atera zaintza-lan intentsiboa egiten dute eta.
Sindikatuak ez ezik, enpresa-batzordeak ere batu dira. Greba-batzordeak egin dira azken grebaren helburu nagusiak aldarrikatu eta gizarteratzeko xedez. Horien emaitza 186 enpresa-batzorderen atxikimendua lortzea izan da, “eragin handiagoa lortu da gizartean eta politikan”.
Nafarroako deialdiak
Gaueko 00:00etan emango diote hasiera greba egunari. Piketeekin hasiko dira, eta auzo zein herrietan hainbat ekimen egingo dituzte eguerdi partean, “egoera prekarizatuen arduradunak interpelatzeko”. Iruñean, 12:30ean Diputazioaren aurrean elkartzera dei egin dute, eta arratsaldean, berriz, Nafarroako kaleak hartuko dituzte manifestazioek:
- Iruñean, 18:00etan Antoniutitik.
- Altsasun, 18:00etan herriko plazatik.
- Elizondo, 18:00etan herriko plazatik.
- Irunberrin, 18:00etan Foru Plazatik.
- Lizarran, 19:00etan Foru Plazatik.
- Tafallan, 19:30ean herriko plazatik.
- Tuteran 18:00etan Padre Lasa plazatik.