Nafarroako Gobernuak sexu-indarkeria mota guztien aurkako sentsibilizazio kanpaina bat aurkeztu du gaur. Horren bidez, gizartea eta kultura aldatzeko beharra azpimarratu du, harreman sexualak eta afektiboak ezartzeko berariazko baimena barne hartuta. Kanpainak aldarrikatzen du emakumeek askatasuna dutela beren ingurunearekin nahi duten moduan harremanetan jartzeko, eta keinu bat edo janzteko edo jarduteko modu jakin bat ezin dela ulertu nahi ez duten loturak ezartzeko baimen gisa.
Azaroaren 25ean da Emakumeenganako Indarkeria Sexuala ezabatzeko Nazioarteko Eguna. Horri begiratura egin du kanpaina. "Baietz esaterakoan izanen da onarpena, ez bestelako jarrera, keinu edo egoteko moduetan", hala esan du Patricia Abad Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariak. Sexu indarkeriaren inguruko datuak ere jarri ditu mahai gainean: Urtarriletik irailera 266 sexu-indarkeria salaketa erregistratu dira Foru Erkidegoan, eta %73, 30 urtetik beherako emakumeek jarri dituzte. Aurtengo salaketak dagoeneko iazkoen gainetik daudela ere jakinarazi du Abadek.