A30 Greba feminista orokorra

Bizitzaren hasieratik zaintzak kalitatezkoa izan behar duela diote haur eskoletako hezitzaileek

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 13a, 09:59

Azaroaren 30ean greba feministak zaintza lanak jarriko ditu erdigunean. Euskalerria Irratian elkarrizketa sorta eginen dute zaintzak dituen hari mutur askotarikoak aztertu nahian. Haur eskoletako hezitzaile batek, hasteko, adierazi du zaintzak hasieratik behar duela egon duindua. Garazi Autor Garesko haur eskolako hezitzailea da eta dio zaintzaileak ere behar dituela arretak. 

Haur eskoletan aspalditik daude eskaerak egiten: ratioak jaitsi eta lan baldintzak hobetzeko galdegiten ari dira hezitzaileak. "Zaintzak erdigunean jartzen hasteko hastepenetako etapara begiratu behar zaio. Haur eskoletako zerbitzua publikoa, kalitatezkoa eta duindua behar du izan", esan du Garazi Autor Garesko haur eskolako hezitzaileak. "Haur eskoletan eskaintzen den arreta eta zaintza ezinbesteko dira haurraren garapenerako", gaineratu du. Izan ere, Hezkuntza Departamentuak hezkuntza etapa gisara hartua du ziklo hori ere, baina eskaini beharko litzaiokeen arreta ez dela nahikoa salatzen ari dira hezitzaileak: "Gizarteak eta politikariek batez ere, ez diote etapa honi garrantzia ematen", esan du. 

Kontziliatzeko gune bezala hartzen dute askok 0 eta 3 urte arteko etapa hori. Baina ez da hori bakarrik: "Frogatua dago etapa horretako bizipenek etorkizunean izanen diren pertsonetan eragina izanen dutela".  Hortaz, kontziliazio eredu gisa hartzetik urrundu behar dela uste dute.  Ratioak jartzen dituzte adibide: "Benetako zaintza eta arreta ematea horrenbeste haurrekin ez da posible", azaldu du Autorrek. 0 eta 1 urte arteko 8 haur ditu hezitzaile bakoitzak; 1 eta 2 urte arteko 12 eta 2 eta 3 urte arteko 16. "Haur eskoletako hezitzaileek ere behar dugu zainduak izan kalitatezko arreta eman ahal izateko", esan du amaitzeko. 

Elkarrizketa osorik entzun daiteke argazkiak klik eginda.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!