Eñaut Elorrieta: “Sormena bilaketa eterno bat da”

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko aza. 10a, 12:41

Musikari gernikarrak kontzertua eskainiko du bihar, 20:00etan, Iruñeko Gaiarre antzokian. Fantasia diskoa aurkeztuko du, baina azken disko horretako kantuak ez ezik bere ibilbide musikal osokoak joko dituela aurreratu du.

Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketa luze eta mamitsuan, besteak beste, sormen prozesuaz mintzatu da: “Kantua sortzen duzu, eta iristen da une bat zeinetan satisfakzioa ematen baitizun, baina gero bat-batean sentimendu horrek ihes egiten dizu. Eta horrek berak bultzatzen zaitu hurrengo kantua egitera, egin duzunak ez erabat asetzeak”.

Sormenarena gurpil zoroa da, ia, Elorrietarentzat: “Sorkuntza prozesua, nire kasuan behintzat, bilaketa eterno bat da. Ez dakit zerk bultzatuta. Beharbada desoreka emozional batek. Badaukat lagun bat terapian hasi zena eta utzi zuena, psikologoak konpontzen bazuen sortzeko gaitasunik galduko zuelakoan”.

Elorrietak maitasun beharra dakusa mekanismo horren gibelean: “Sortzaile guztiok daukagu agian horrelako desoreka bat. Maitatua izateko beharra. Adinean aurrera goaz, baina jarraitzen dugu jendeak maita gaitzan eskatzen, behar horrekin. Agian hori da gure moduan jendeak maita gaitzan, ez dadin gutaz ahaztu”.

Gernikarraren aburuz, “ezinezkoa da kanta perfektua sortzea, mekanismo hori aseezina baita”. “Lehenago gerta daiteke zuk bide horretan ezer ez topatzea. Oraingoz, behintzat, gosetzen eta ilusionatzen nau horrek erronka horrek. Musika entzuteko, gitarra hartzeko, olerkiak irakurtzeko eta idazteko gogoz esnatzen naiz oraindik”, gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!