Auzoak dituen arazoei erantzuna emateko galdegin dute Erripagainako bizilagunek

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 27a, 09:37

Burlatan egin dute elkarretaratzea Erripagainak dituen gabeziei irtenbidea emateko eskatuz. Auzoak ez ditu oinarrizkoak diren zerbitzuak eta lau udalen artean egoteak (Uharte, Iruñea, Eguesibar eta Burlata) ez die erraz jartzen egunerokoa. Behin betiko soluzio "demokratiko eta eraginkorra" eskatu dute.

Burlatako Udalean osoko bilkura egiten ari zirela Erripagainako bizilagunek elkarretaratzea egin zuten kalean. “Irtenbideak” eskatu dizkiote ez bakarrik Burlatako ordezkari politikoei, baita, Eguesibar, Iruñea eta Uhartekoei ere. Izan ere, auzoa eraiki zutenetik ez dituzte oinarrizko zerbitzurik eta lau udal horien artean jasotzen dituzte osasun arreta, hezkuntza, kirol instalazioen zerbitzuak edota kulturalak. Erripagainako Auzo Elkarteak “berehalako soluzio demokratiko eta eraginkorrak” eskatu dituzte beste behin.

“Erripagaina auzoa Burlatako Udalak eta zenbait eraikuntza-enpresak sustatutako urbanizazioa da. Duela 20 urte dena izan zen presaz egina gutxi batzuen mesede eta onurarako. Zerbitzurik gabeko auzoa eraiki zuten”, azaldu dute bizilagunek. Egun, hazten ari den auzoa da baina ez da berdin egiten ari zerbitzuei dagokienez. Protestak egiten segitzeko asmoa dute: azaroaren 2an Iruñeko Udalaren parean elkartuko dira 16:30ean eskaera berak egiteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!