Mikel Irujo: “Kezkatuta jarraitzen dugun arren, Europako neurriekin lasaitasun apur bat espero dezakegu Gamesan”

Haritz Pascual Garjon 2023ko urr. 24a, 14:00

Europar Batasunak energia berriztagarrien sektorea babesteko eta laguntzeko neurriak iragarri ditu. “Arazoa sektoreko Europako enpresa guztietan dago” azaldu du Euskalerria Irratian Mikel Irujo Industria Kontseilariak, “lehiakortasuna galdu da, laguntza asko dituzten kanpoko enpresen aurrean”. Europak emandako urratsa lagungarria izatea espero du kontseilariak.

“Beste sektore askotan gertatu den bezala, Europatik kanpotik, Txinatik batez ere, datozen enpresen lehiakortasuna ordaindu dute energia berriztagarriaren sektorean” azaldu du Mikel Irujok, “Enpresa hauek ongi babestuta daude eta proiektuak eraman dituzte urtetan”. Honen aurrean, Europar Batasunak, bertako enpresak lehenesteko emandako aurrera pausua lagungarria izanen dela uste du Industria kontseilariak, “Paradoxikoa delako, geroz eta energia berriztagarri proiektu gehien sustatzen ari den unean, Europako enpresek krisi sakona bizitzea”. Honetaz gain, finantziazioa beharrezkoa dute konpainiek, pilatutako galerei aurre egiteko. “Ulergaitza den arren, enpresa hauek ez dituzte haien prezioak indexatuta” adierazi du Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan, “Proiektu bat irabazi eta ekoizpena iristen denerako urteak pasatzen dira, lehengaien eta materialen prezioak igotzen dira eta ekoizpena saldutako prezioa baino garestiago dela entregatzen dituzte haize errotak”.

 

Siemens Gamesaren Nafarroako lantokiaren gaineko kezka

Mikel Irujok pasa den asteburuan azaldutako kezka berretsi du Siemens Gamesaren egoerarekin. “Europan hartutako neurriek, hemen Nafarroan hartu ditzakegunak…lagunduko dute, baina egoera konplikatua bizi du enpresak” azaldu du Industria kontseilariak. “Aipatutako sektorearen krisialdi horri, haiei arazo teknologikoak gehitu zaizkie eta pasa den abuztuan aitortu zizkiguten dagoeneko 4.000 milioi euro baino gehiagoko diru galerak”.

Hala ere, Sarrigurengo lantokiarekin esperantza du Mikel Irujok. “Altsasun edo Agoitzen ez bezala, Sarrigurengoa ingenieritza lantokia da, ez da ekoizpen zentroa. Produktu berri bat garatu nahi badute, hemen egin ahalko dute. Horrek ez du kentzen dena den, kezkatuta gaudela esateko” azaldu du industria arduradunak, azaroaren 21a ostean, informazio gehiago izanen dela adieraziz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!