Euskaraldia eraginkorra da: parte hartzaileen %66k haien hizkuntza ohiturak aldatzen dituzte

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urr. 20a, 07:21

Euskaraldiaren inpaktuaren inguruko azterketaren aurkezpena. (Argazkia: Topagunea)

17.000 nafarrek parte hartu zuten azken edizioan, eta 800 entitatek eta elkartek sortu zituzten ariguneak

Euskaraldia eraginkorra da. Hala adierazten dute azken edizioaren eraginaren inguruko azterketako datuek; izan ere, Euskaraldiko parte hartzaileen %66k haien hizkuntza ohiturak aldatu egiten dituzte. Hau da, Euskaraldiak bere xede nagusia betetzen du esku hartzaileen bi herenekin.

Topaguneak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak ordezkaturik, iazko Euskaraldiaren datuak eta ondorioak aurkeztu zituzten atzo.

Nafarroa Garaian, 17.000 lagunek hartu zuten parte, eta 800 entitatek eta elkartek euskara erabiltzeko ariguneak sortu zituzten. Partehartzaile nafarron ia erdiak, 8.305 hain zuzen ere, Iruñerrian bizi dira.

Euskal Herrian parte hartzaileak guztira 158.000 izan ziren. Haien %78k ahobizi rola hautatu zuten. Eta %22 belarriprest izan ziren. Aurreko euskaraldiarekin alderaturik, parte hartzea %11 jaitsi da. Beherakada handiagoa izan da gazteen eta gizonezkoen artean; txikiagoa, helduagoen eta emakumeen artean. Antolatzaileek iragarri dute 2024ko ediziorako beheranzko joera horri buelta emateko aldaketak eginen dituztela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!