Lurraren defentsaren eguna ospatuko dute larunbatean Agoitzen

Euskalerria Irratia 2023ko urr. 18a, 14:00

Artozki-Artezki proiektuaren erakusketa ikusgai egongo da eta egunean zehar ekitaldiak, kalejira, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte.

Itoitz eta Artozkiko herrien suntsiketaren XX. urteurrena gogoratzeko, Lurraren Defentsa Eguna ospatuko da Agoitzen, larunbatean, hilak 21.

Goizeko 11:00etatik aurrera hasiko dira antolatutako ekimenak. Itoitz Plazan egingo dute ekitaldia egunari hasiera emateko eta jarraian, 12:00etan, Artea herrien defentsa-memoria erakusketa ikusgarri jarriko dute. Duela hogei urte, Artozki herria eraistear zirela Itoitzekiko solidarioak taldearen ekimenez erakusketa jarri zuten elizan. Herriari zutik eusteko antolatutako ekitaldien parte zen Artozki-Artezki proiektua eta artista ugarik beren artelanak emanez erakutsi zuten elkartasuna; haien artean Jose Luis Zumeta, Jose Ramon Anda, Dora Salazar eta Juan Gorriti, besteak beste. Aurten, hogei urtez galdutzat jo diren 31 artelanetatik 14 berreskuratu dituzte eta hauek egongo dira erakusketan; urriaren 20tik azaroaren 4ra bitartean egongo dira ikusgai Agoitzeko Kultur Etxean.

Bestalde, urteurrenaren ospakizunean kalejira egingo dute 13:00etan, ondoren, eguerdiko 15:00etan herri bazkaria, eta arratsaldean, kontzertuak antolatu dituzte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!