Ezkabako preso baten gorpuzkiak identifikatu dituzte, DNA bidez

Juan Kruz Lakasta Zubero 2023ko urr. 17a, 07:22

Ezkabako ihesaldian parte hartu zuten presoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanak, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Jose Creagh Lecaroz sevillarra zen, eta beste hogei anarkistarekin batera fusilatu zuten, 1936ko urrian espetxetik ihes egiten saiatu eta gero.

2022ko martxoan Berriozarko hilerrian hobitik ateratako pertsona baten gorpuzkiak identifikatzea lortu du Nafarroako Gobernuko Memoria Institutuak, DNA Bankuaren laguntzaz. Gorpuzkiok Jose Creagh Lecaroz anarkosindikalista sevillarrarenak dira. Ezkababan preso zegoen, eta beste 20 anarkistarekin batera fusilatu zuten, 1936ko urrian ihes egiten ahalegindu eta gero.

Creagh Sevillan jaio zen, 1914ko uztailaren 22an. Medikuntza ikaslea zen, eta anarkosindikalista. 1934ko uztailaren 16an , urte bat, zortzi hilabete eta 21 eguneko espetxe zigorra ezarri zioten. 1936ko ekainaren 24an iritsi zen Ezkabako presondegira, altxamenduaren aurretik. Izan ere, anarkista izanda ez zion eragin Frente Popularrak ezarririko amnistiak.

1936ko urrian 21 preso anarkista (haien artan, Creagh) espetxetik ihes egiten saiatu ziren. Denak atxilotu eta fusilatu zituzten. 1936ko azaroan haien guztien gorpuzkiak Berriozarko hilerrira eraman zituzten. 2006an, Txinparta Elkarteak haien omenezko plaka jarri zuen, lurperaturik dauden lekuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!