"Denok beharko dugu bizitzako uneren batean zainduak izan", hausnartu du LAB sindikatuko Garbiñe Aranburuk. Nafarroan erregistratuta utzi dute azaroaren 30erako greba orokor feministarako deialdia. Sindikatuak ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT eta Mugimendu Feminista izan dira Nafarroako Jauregian.
Zaintza jarriko dute erdigunean. "Gero eta ageriagoan geratzen ari da zaintza krisian dagoela. Ez da bilakaera demografikoaren erruz, baizik, emakumeei ezarria zaion ereduagatik", salatu du Aranburuk. "Eraldatu egin behar da zaintza sistema, hasita, baldintzetatik", gaineratu du. Zaintza sistemak publikoa behar du izan zaintza beharrak modu duin batean bermatu nahi badira LAB sindikatuaren esanetan.
Zaintza denoi dagokigulako ELA sindikatuak "denok" deitu ditu greban parte hartzera. Amaia Muñoa ELA sindikatuko idazkari nagusiaren albokoak esan du "zaintza zerbitzua publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" izan behar dela". Emakumeek hartua dute zaintza lanen gehiengoa sindikatuen esanetan: lan-kontratuak prekarioak dira, behin-behinekotasuna erabatekoa da , lanaldi partzialak izaten dira, soldata txikiak … hori aldatzeko greban parte hartzera deitu dute. " Zaintza enpresa pribatuen esku izatetik publikora jotzeko beharra" nabarmendu dute eta Gobernuei dei egin diete bestelako sistema bat ezarri dezaten. Horretarako, aurrekontuak aldatu behar direla uste dute.