Nafarroan %53 hazi dira buru osasunarekin zerikusia duten laneko-bajak

Maialen Huarte Arano 2023ko urr. 10a, 10:05

Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da urriaren 10a. Arazo psikologikoak tarteko, 4.400 langilek eskatu dute laneko-baja Nafarroan aurten eta aurreikuspenek diote 8.000 izanen direla urte bukaerarako. Pandemiaren aurretik baino %53 gehiago izan dira halako buruko gaitzek eragindako bajak aurten. Mutua Navarrak kanpaina bat jarri du abian enpresak buruko gaitzekin sentsibilizatu daitezen.

Osasun mentalarekin zerikusia duten laneko bajak dira baja-egun gehien behar dituztenak osatu ahal izateko. Mutua Navarrak eskuartean dituen datuak kontuan hartuta aurreikusi du ehun langiletik lauk izanen dutela datozen hilabeteetan baja hartu beharra buruko gaitzen batekin erlazionatuta. Mutua Navarraren ustez ezinbestekoa da arazoak normalizatzea: "Buruko osasunaz hitz egitea arrunt bilakatu beharko litzateke eta arreta jarri beharko litzaioke arazoak sortzen hasten direnean", jakinarazi dute. Sentsibilizazio kanpaina sei ardatzetan egikaritu du: behatu, lanpostuen kalitatea hobetu, formazioa eskaini, langileen abilezietan indarguneak bilatu, babes eman eta gatazkei aurre egin.

Informazioa jasotzeko gunea eta elkarretaratzea

Urriaren 10a da Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna. Nafarroako Osasun Mentalerako Plataformek goizean Sarasate pasealekuan informazio gune bat jarriko dute eta bizilagunei buruko gaitzen inguruko datuak helaraziko dizkiete. Arratsaldean, Tuteran eta Lizarran elkarretaratzeak eginen dituzte Plaza Berrian eta Koronazioaren Plazan, hurrenez hurren. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!