Espainiako Diputatuen Kongresuan katalanez, galizieraz eta euskaraz herenegun mintzatu ahal izan zen atriletik, ofizialki, eta modu baimenduan, lehendabizikoz. Europako Batasunean, hiru hizkuntzok ofizial bihurtzeko proposamena mahai gainean dago. Ingurumari horretan, Metropoli Forala saioan euskara Nafarroako Parlamentuan nola hasi zen erabiltzen aztertu dugu Patxi Zabaleta idazle, abokatu eta foru parlamentari eta Iruñeko zinegotzi ohiarekin.
Zabaletak gogora ekarri duenez, Nafarroako Parlamentua 1982an eratu zen, Foru Hobekuntzaren karietara. Baina aurretik, 1979an Foru Parlamentua izeneko erakundea sortu zuten. Legebiltzar horretako 70 parlamentariak sufragio unibertsalaren bitartez hautatu zituzten, baina ez hautesbarruti bakarrean, baizik eta merindadeka. “Parlamentu horretan hautetsietako bat Jose Manuel Aleman izan zen. Lehen egunetik hitzartzeak euskaraz egin zituen. Galdetu zioten beti hala eginen zuen. Baietz erantzun zuen, eta orduantxe erabaki zuten itzultzaile bat kontratatu beharko zela”, ekarri du gogora Zabaletak.
“Iruñeko Udalean ere nahiko modu normalean hasi ziren gauzak, 1979ko legealdian. Itzultzailea jarri zen, euskarazko arduradun bat jarri zen, eta itzulpenak egiten hasi ziren. Batez ere osoko bilkuretan erabiltzen zen. Batzordeetan, hautetsi gutxiago zeudenez, gutxiagotan erabiltzen zen”, gaineratu du. Legealdi hartan zinegotzi izan zen Zabaleta.