Garai haietan, Pernando Barrena Herri Batasunako Mahai Nazionaleko kidea zen, eta Lizarra-Garaziko akordioaren ernamuinean izan zen Irlandako Foroaren koordinatzaileetako bat ere izan zen. Begoña Errazti Eusko Alkartasunako foru parlamentaria zen, eta sarri hautatuko zuten alderdiko presidente.
Konfiantzazko harremana garatu zuten orduan, eta konfiantza horri eusten diote egun, mikrofonoen aitzinean eta, batez ere, mikrofonoen gibelean. “Zenbat eta zenbat ordu eman genituen bileretan elkarrekin, Arnaldo Otegirekin, Rufi Etxeberriarekin eta beste hainbatekin”, ekarri du gogora Erraztik.
1998ko irailaren 12an sinatu zuten Lizarra Garaziko akordioa. 1999ko abenduaren 3an amaitu zen akordioaren karietara ETAk ezarririko su etena. Hilabete horietan guztietan gertaturikoa baloratzeko tenorean, nahikoa ados daude Errazti eta Barrena.
“Prozesua perspektiban ikusi behar dugu. Pertsonen arteko konfiantzazko loturak lortu ziren. Eta konponbidearen bidean jarri ginen. Urteekin begiratuta, ikusi behar dugu egun beste errealitate politiko batean gaudela. Ikusi behar dugu zein zenbaki dauden Gasteizko Parlamentuan, edo Nafarroako erakundeetan, edo Ipar Euskal Herrian zein nolako urratsak egiten ari diren abertzaleak. Hori ikusita, prozesu hura ontzat eman behar da”, azaldu du Erraztik.
Barrenaren hitzetan, “mugarri bat izan zen euskal politikagintzan”. Haren aburuz, prozesu hark bi gauza garrantzitsu utzi zituen. Lehena, errezeta: “Bakerako norabideak nahiko garbi jarri zituen. Eskubide demokratikoen aldetik, eduki horiek modu garrantzitsuan kokatu zituen”.
Barrenaren irudikoz, Lizarra-Garazik utzi zuen bigarren irakaspena ez da horren ongi barneratu: “Adibidez, egun Espainiako Kongresuan EH Bilduk bere talde parlamentarioa du, eta EAJk berea, eta bakoitzak bere estrategiak erabiltzen ditu. Baina Lizarra-Garazik erakutsi zigun herri honek herri moduan funtzionatzen duenean oso tamaina errespetagarria hartzen duela. Madrilen aurrean elkartzen garenean gauza handiagoak eta hobeak egiten ditugu”.
Iritzi horrekin bat dator Errazti: “Alderdi abertzaleen arteko akordio bat eta ekinbide bateratu bat lortzea ezinbestekoa da herri honentzat. Ez dakit lortuko dugun. Baina Espainiako Diputatuen Kongresuan eta Senatuan izaten diren ilusio faltsuetan erori gabe. Indarra etxetik egin behar da”.
Iritziok eta beste hainbat eman dituzte Erraztik eta Barrenak Metropoli Forala saioan egin diegun elkarrizketan. Entzun, merezi du eta.